Fredi Paia | Bertsolaria
Agirretarren bandera
Oihu egin bezate siglen zaindariek. Baina ziur nago, berpiztuko balitz, emakume bati emango liokeela botoa hurrengo hauteskundeetan
Horrek mendian hartu zuen min, gauez zailagoa baita amildegiak ikustea. Ezin uka agirretarra dela. BAT.¯ Beti erorian ibiltzen diren gizajoak dituzue agirretarrak. BI.¯ Eta jendeak nahiago duenez minik ez hartu, gero eta bakanagoak dira agirretar petoak.
Gau erdia igaro eta goizaldeak irakurtzen, idazten, estudiatzen, akordeetan bidaiatzen edo, besterik gabe, iratzarrik harrapatzen ninduenean, ama logelara sartu eta esaldi berbera errepikatzen zidan beti: Kennedyren bost orduak. Kennedy presidenteak bost orduz egiten ei zuen lo gauero. Ez zuen gehiagoren beharrik. Eta Kennedy eredu garrantzitsua izan zen gure amen belaunaldiarentzat. Maitasun platoniko bat izan zen, ziurrenik, Che Guevara demokristaua. Hau da, bizarra zorrotz eginik eta ile orrazkera apainez, marketinaren eta mormoien fidagarritasun irudiz mundu justuago baten alde hil zen martiria.
Gure amek haren irudia Garaikoetxearengan islatua ikusi bazuten ere (eta ez naiz hasiko azaltzen zergatik gure aitentzat ez zen horrela izan, horretarako Freuden testuak baitaude) nik Joseba Andoni Agirre Lekuberengan proiektatu izan dut beti euskal Kennedyren ideia.
Lurraldetasun historikoaren defentsarik erradikalena egiten duen erakundean hasi zuen bere ibilera politikoa, Athleticen. Athleticeko jokalariak sinbolo bihurtzen dira herriaren aurrean. Eta sinbolo bihurtzea da politikari baten helbururik behinena, gizartearengan eragiteko indarrik transzendentalena sinbolikoa da eta. Ostean, gure herriko alkate bihurtu zen. Euskal Herriko lehen alkatetza abertzalea, «Eusko Gudariak» kanta eta kalimotxoa sortu zituen herrian. Sinbolo gehiago.
Inork gutxi daki zer debate mota izan zen EAJ barruan Francoren altxamenduaren ostean. Pare bat egunez ez zuten hauturik egin, era guztietako txutxu-mutxuak entzun ditut adinekoen artean, Errepublikaren alde egin izana akatsa izan zela dioen «Cara al Sol»-en bertsio jeltzale eta guzti. Baina badirudi Agirrek pisu handia izan zuela EAJk Errepublikaren alde egiteko erabakian. Dena dela, bere gobernukide izandako batek esandakoaren arabera, hainbat gaztek Begoñako Basilikara eroan zuten gau batez, armen mehatxuz, independentziaren alde borrokatzen zirela zin egin ziezaien. Eta hala egin zuen.
Demokraziaren aldeko defentsa sutsua egin zuen 30eko hamarkada amaiera hartan. Horretarako, sekula Euskal Herrian izan den erakunde armaturik jendetsuena antolatu zuen, 100.000 gudariz osatutako Euzko Gudarostea. Hurrengo 40 urteetako gobernuak terrorista kontsideratuko zuen, ihes egitera behartu eta estatuan sartu izan balitz, bere kargukide kataluniarraren patu bera pairatuko zukeen. Erakunde armatua kudeatzeko kontzentrazio gobernua eratu zuen. Bertan batu zituen ezkerreko alderdi guztiak alderdi abertzaleekin batera. Alegia, gobernu ezkertiar eta abertzale baten buru izan zen Agirre lehendakaria. Eta erakunde armatu baten buru izan zen, aldi berean.
Oihu egin bezate siglen zaindariek. Baina ziur nago, berpiztuko balitz, emakume bati emango liokeela botoa hurrengo hauteskundeetan.