Arturo Villanuevaren euroaginduari buruzko informazioa eskatu du Pauek
Arturo Villanuevaren aurkako euroaginduari buruzko informazio gehiago eskatu zion berriz Paueko epaileak Madrili. Bestalde, Iñaki Imaz Espainiaratzearen alde agertu zen fiskala.
GARA | PAUE
Paueko Epaitegiak Estatu espainolak Arturo Villanuevaren kontra aurkezturiko euroaginduari buruzko xehetasun gehiago eskatu dizkio Madrili, ez baitu argi uzten zer den iruindarrari leporatzen diona.
Joan den astean ere aztertu zuten Pauen Villanuevaren auzia, eta atzo bezala Madrilek ez zuen epaile frantsesek beharrezkotzat jotzen zuten informaziorik helarazi.
Gauzak horrela, Villanuevaren egoera aztertzeko eta Madrilek aurkeztu duen euroagindua onartzen duen ala ez erabakitzeko beste epai saio baterako data ezarri du Paueko epaitegiak: hilaren 25a. Ordurarte libre izango da eta ez espetxean orain arte bezala. Abuztuaren 27an atxilotu zuen Polizia frantsesak Villanueva Urruñan, bizitza publikoa egiten zuelarik. Urteak Irlandan eman eta gero, Ipar Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen iruindarrak.
2009an Belfasteko epaile batek errefusatu egin zuen Estatu espainolak Villanuevaren kontra aurkezturiko euroagindua.
Atzokoan Paueko epaitegiak beste euskal herritar baten kontra eskaturiko euroagindua ere mahai gainean zuen. Iñaki Imaz donostiarra Espainiaratzearen alde azaldu zen fiskala. Hilaren 18an emango du epaileak bere erabakiaren berri.
Dominique Jeol fiskalak adierazi zuenez, Estatu espainolak Imazen kontra aurkeztu duen euroagindua onartu beharra dago. «Talde armatu eta terrorista bateko kide izatea» leporatzen dio Madrilek Imazi. Pauen egin zen epaiketan, Michel Treilles epaileak Madrilek aurkezturiko akusazioak irakurri zituen. Bertan, 2007an ETAko kide bat Donostiako etxean gorde eta pistola bat eta dokumentu faltsuak eman zizkiola leporatzen dio Estatu espainolak Imazi.
Imaz abuztuaren 6an atxilotu zuen Polizia frantsesak Hendaian. Hurrengo egunean aske utzi zuten baina kontrol judizialaren pean.
Donostiarraren abokatu Maritxu Paulus-Basurcok fiskalaren eskaera ez onartzeko eskatu zuen, ez baita behar bezala frogatu Imazek ETArekin duen ustezko lotura, «ez baitakigu zein den ustezko parte-hartze horren maila».
Ildo honetan, Imazen kontra dagoen froga bakarra torturatua izan zela salatu zuen atxilotu batek egindako adierazpenak dira, erantsi zuen abokatuak.