GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Nestor SUSAETA | FUTBOLARIA

«Futbolak ez du gezurrik esaten, eta bakoitza bere lekuan jartzen du»

Nestor Susaetak lehen urtea darama Guadalajaran. Maila handiko jokalaria da, eta askok eta askok uste zuten Realeko lehen taldean ikusiko zutela, bertan hazi eta hezia baita. Hala ere, ez da horrela izan, eta berak garbi dauka futbolak ez duela gezurrik esaten, eta une honetan Bigarren Mailan jokatzen ari baldin bada, hori merezi duelako dela, eta gora igotzeko merituak egin behar direla.

p034_f01.jpg

Jon LEUNDA

Nestor Susaeta da Guadalajarako izarretako bat. Realean hazi eta hezi zen, gero Eibar, Salamanca, Athletic, Alcorcon, Rayo Vallecano eta Suitzako Lausanne Sport izan dira bere taldeak, Pedro Escartin futbol zelaian jokatzen duen taldera iritsi bitarte.

Nola hasi da zure bizitza Guadalajara aldean?

Ongi. Herri bat da, eta leku lasaia da futbolean aritzeko. Aldagelan giro ona daukagu, proiektua eta helburuak onak dira, eta oraingoz, behintzat, oso gustura nago bertan, nahiz eta denboraldia ez dugun ongi hasi.

Ze gertatu da denboraldia horren oker hasteko?

Hasi ongi egin ginen, Alcorconen berdinketa lortuz. Zelai zaila da hura, han talde askok ez dute ezer lortuko, baina gero jarraipena oso txarra izan da. Gironaren aurka etxean lotsagarri ibili ginen, eta sekulako astindua hartu genuen. Gero, Villarealen eta etxean Bartzelona B taldearen aurka sentsazio onak izan genituen, baina horrek ez du ezertarako balio, azkenean puntuak dira balio dutenak, eta horiek ez ditugu lortzen.

Nolakoa da Guadalajara futbolean aritzeko?

Orokorrean ona da. Hiri handi batek ez dauzkan gauzak dauzka. Ez gara beti komunikabideetan ateratzen, lasaiagoa da; baina behin kalera aterata, hau txikia denez, jendeak kalean geratzen gaitu, taldeari buruz gauzak jakin nahi izaten dituzte. Azkenean jendearekiko harremana handiagoa da.

Iaz gertaturikoari buruz hitz egiten al da hirian?

Egia esan oso gutxi. Badakigu ia plantilla guztiari eman zitzaiola baja, diru kontuak zirela-eta denuntzia bat jarri zutela jokalariek, baina horri buruz ia ez dakigu ezer, ia jokalari guztiak berriak garelako. Eta diru aldetik, behintzat, orain arte ez dugu izan inongo arazorik.

Guadalajarako fitxaketa izarretako bat izanda, presio gehiago sumatzen al duzu?

Nik ez dut horrela ikusten. Ez dut uste taldeko fitxaketa izarra naizenik, behintzat ez dut horrelako presiorik sumatzen. Taldean denok gara berdinak, eta denok egin behar dugu lan.

Ez al du pena apur bat ematen Lehen Mailara igo eta ia han jokatzeko aukerarik ez izatea?

Bueno, Rayo Vallecanorekin igo nintzen Lehen Mailara, eta bi partida jokatzeko aukera eman zidan, eta beti eskertuko diet aukera hori. Azken batean, norberak nahi duena pentsa dezake, baina futbolak ez du gezurrik esaten, eta bakoitza bere lekuan jartzen du. Une honetan Bigarren Mailan jokatzen ari baldin banaiz, hori merezi dudalako izango da.

Nolakoa izan da Suitzako zure ibilbidea?

Rayon ez nuen gehiegi jokatzen eta Suitzara joateko aukera etorri zitzaidan. Nik beti izan nuen kanpora joateko gogoa, eta une ona zela iruditu zitzaidan. Bai taldearekin, eta pertsonalki ere gauzak ongi joan zitzaizkidan. Nik jokatu egin nuen, eta taldea, berriz, ni iritsi nintzenean azkena zegoen, baina gero gure atzetik beste hiru talde geratu ziren. Dena dela, han ez nuen etorkizun handiegirik ikusten, eta berriro ere Espainiako Ligara itzultzea pentsatu nuen.

Asko aldatu al da Zubietan jendea txundituta uzten zuen Nestor Susaeta hura?

Eskarmentua hartu dut. Azkenean urte asko dira futbolean jokatzen, eta konturatzen zara futbola ez dela erdiraketa onak egin eta golak sartzea bakarrik. Urteekin beste gauza asko ikasi ditut, eta ikasten ari naiz.

Etxera itzultzeko gogorik bai?

Dudarik gabe. Urte asko dira etxetik kanpo jokatzen, eta eskaintza on bat izanez gero, gustura etxeratuko nintzateke. Azken batean Realera gustura itzuliko nintzateke. Han hazia naiz, eta beti izan da nire taldea, baina horretarako merituak egin behar dira. Etxeko talderen batera itzultzeko aukera izanez gero, aztertuko nuke, eta ona balitz ez nuke zalantzarik izango. Bestela, aukera dudan lekuan jarraituko dut futbolean jokatzen, oraindik urte batzuk geratzen baitzaizkit horretarako.

Zure lehengusu Markelen aurka jokatzeko gogorik bai?

Bai, handia, baina ez dugu lortzen. Orain bi urte Rayorekin Kopa jokatu genuen bere aurka eta iaz Ligan, baina ez gara batera inoiz egoten. Ni hasieratik hasi nintzen jokatzen, ni aldatu eta gero zelairatu zen bera, eta alderantziz ere gertatu zen, baina biak batera ez. Dena dela, garrantzitsuena berak Athleticen jarraitzea izango da urte askoan, eta ni ere nagoen lekuan ongi aritzea, hori biontzat seinale ona izango litzateke, ongi ari garela esan nahiko luke.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo