GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Amiantoak hiltzen jarraitzen duen bitartean, instituzioek utzikeria lotsagarria erakusten dute

Vidrala enpresan ia berrogei urtez lan egin zuen 67 urteko lagun bat, amiantoaren azken biktima da Euskal Herrian. Izan ere, gai horrek eragin zion bere biziarekin bukatu zuen gaixotasuna, nahiz eta Mutualia, gizatasun falta izugarria erakutsiz, hori ezeztatzen saiatu den azken unera arte. Dagoeneko, 20 pertsona zendu dira aurten amiantoaren erruz, eta datu lazgarri hori nahikoa izan beharko litzateke instituzioek arlo honetan lanari serio ekiteko. Baina ez du ematen horretarako gogorik daukatenik, atzo CCOOko Lan Osasuneko arduradun Jesus Uzkudunek nabarmendu zuenez. Izan ere, mutuen ezkutuko lanaren ondorioz, benetan dauden kasuen %5 baino ez dira agerian geratzen, eta, besteren artean, Osakidetzak ez du ezer egiten hau guztia eragozteko. Hori nahikoa ez-eta, Osakidetzak berak mutua pribatuei dagozkien gastuak bere gain hartzen ditu, administrazio publikoaren -beraz, gizartearen- bizkar jarriz enpresa horiek erabili beharko luketen dirutza. Amiantoak langileak gaixotu eta hil egiten ditu, baina administrazioek ardura handia daukate langileen sufrikario horretan, eta bada garaia ardura hori onartu eta egoerari buelta ematen hasteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo