GARA > Idatzia > Kultura

Haurrek eta helduek literaturan bat egiten dute ikasturte honetan

Helduentzako liburuetan jorratzen diren ohiko gaiak haur literaturan, beraien hizkerara moldatuta, kokatzea da Elkar argitaletxeak egiten duen proposamena. Bestalde, Andoaingo Kilometroak jaiari babesa eskaintzeko errezeta liburuan ere umeek zeresan handia dute.

GARA | DONOSTIA

Elkar argitaletxeak haur literaturako eskaintza zabaltzen hasi du ikasturtea. Antxiñe Mendizabalek eta Arrate Egañak umeei zuzenduriko helduentzako tematika duten liburu bana argitaratu dute Batela sortaren barnean. Bestalde, Kilometroak 2012ko egitasmoari bultzada bat emateko liburu bat argitaratu dute, datozen lau asteetan salgai izango dena.

Elkar argitaletxeko Batela sortak irakurtzen hasi diren haurrentzako liburuak biltzen ditu, lehen irakurleentzat hizketa eta edukia egokituak dituztenak. Ipuin zein kontu biziez osaturiko liburuak dira. Kasu honetan sortako 24. eta 25. aleez ari gara. Antxiñe Mendizabalek idatzitako liburuak «Ametsi tripek hitz egiten diote» du izena, eta Amets izeneko mutiko baten inguruko istorioa da. Oheratzean bere gorputzak animalia desberdinen hotsak egiten ditu eta ezin du lorik egin. Josu Mitxelena Unsain ilustratzailearen laguntzaz -Ipurbeltz aldizkarian egindako lanagatik ezaguna- Mendizabalek haurrei zuzenduriko hirugarren liburua du honakoa. Umeek erraz ulertzeko moduko istorio honetan oso gai heldua jorratzen da; heriotzari buruz ditugun zalantzak.

Arrate Egañak, ordea, haur eta gazte literaturaren arloan eskarmentu handiagoa du. Izan ere, iaz Lizardi saria eskuratu zuen «Giltza» (Erein) ipuinarekin.

Oraingo honetan «Familia berria» dakar, non Marita neskatilak estreinatu berri duen bizimodua kontatzen duen. Gerra batean gurasoak galdu ostean, beste etxe batera doa bizitzera Marita. Bertan dagoela, ahate txiki bat agertzen da. Honek ere bere inguruko guztiak galdu ditu ehiztarien eraso baten ostean. Lagunak egingo dira, bi bizitzen arteko paralelismo bat sortuz.

Abentura honetan Jone Tabernaren marrazki xamurrak izan ditu lagun Egañak. Batela sortako liburuak 6,90 euroan daude salgai Elkar argitaletxearen webgunean bertan.

Helduen lana ere bada janaria prestatzea, baina askotan haurrek lagundu nahi izaten dute. Igor Zalakain sukaldariaren «Ase arte» liburuak Kilometroak 2012 jaiarentzat prestatutako 70 errezeta biltzen ditu. Andoaingo Aita Larramendi ikastolako haurrek egindako marrazki zein artelanak errezetak ilustratzeko erabili direla da liburuaren berezitasunetako bat.

Umeek, material eta baliabide desberdinak erabiliz atarikoak, lehen platerak, bigarrenak eta postreak irudikatu dituzte euren ikuspegi bereziaren prismatik begiratuta. Ikasleek libururako prestatutako eskulanak irailaren 22ra arte ikusgai izango dira Andoaingo Bastero kulturgunean.

Zalakainen liburua salgai izango da Kilometroak 2012ko dendetan, zein «Berria» egunkariko webgunean (hamar euro, edo bost, kupoiak bilduz gero). Salmentekin lortutako dirua Andoaingo ikastolari laguntzeko erabiliko da.

«ON EGIN»

Igor Zalakain sukaldaria Arzak jatetxean lanean hasi baino lehen Andoaingo ikastolan ikasitakoa da. Horregatik Kilometroak 2012ko zentzu bikoitza duen «On egin» leloarekin bat egin du errezeta liburua sortuz.

IPUIN EGOKITUAK

Batela sortak 25 liburu ditu, haurrei zuzendutakoak. Irakurtzen hasi berri diren umeentzat edota gurasoek irakurtzeko prestatutako istorioak dira, txikien hizkuntzari egokituak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo