Haizea BARCENILLA | Arte komisarioa
Lehen dama
Aztoratzen naute azken egunotan François Hollanderen bikote den Valerie Trierweileri buruzko komentarioek. Mizkina izatea egozteak, bikiniaz dela «lapurtutako» argazkia argitaratu duen aldizkaria salatzeagatik. Berdin dio Frantziako gorteak arrazoia eman izanak Trierweileri: femme fatale bezala sailkatzen dute askok, bere nagusiarekin ezkondu eta gero, Hollandek Segolene Royalekin zuen erlazio zoriontsua apurtu zuen lotsagabetzat hartuz; erakargarria eta sexya delako, hauek gora egiteko erabili dituen ezaugarri bakarrak direla ulertaraziz. Badirudi horrelako emakumeak ez lukeela bere irudia saltzea kritikatu beharko.
Bestetik, publikoak ez du ondo hartu Trierweilerek, kultura kazetaria, lanean jarraitzea. Bere elkarrizketa bat argitaratu zuen «Mujer Hoy» aldizkariak aurreko astean: Amelie Nothombi egin zion, eta aurkezpenean «lehoi emeen arteko borroka» edo antzeko txorakeria bat botatzen zuen editoreak. Borroka lokatzean.
Aztoratzen nau Trierweilerek 1989tik lan egiten duelako Paris Matchen, telebistako elkarrizketa programak egin dituelako, eta Hollande bere bizitzan agertu aurretik ere kazetaritzako profesional errekonozitua zelako. Bere nagusiarekin ezkondu zen 1995ean; ordurako jada posizio ona zuen, eta banatu eta gero bere lanpostua gorde du, ziurrenik langile fina zelako. Aztoratzen nau inork ez duelako pentsatzen, demagun, Hollande Royalekin elkartu zela aurrerapen politikoak lortzeko. Aztoratzen nau inork ez duelako Saenz de Santamariaren gizonarengandik espero bere lana uztea eta emaztearen eskutik batetik bestera ibiltzea, lehoi harrotzat sailkatuz bestela.