Protesten artean hasi da Istanbulen, 44 kazetari kurduen aurkako epaiketa
Idatzi zituzten albisteak dira froga nagusia 44 kazetari kurduen aurka Turkian atzo hasi zen epaiketan. «Erakunde terroristaren» buru edo kide izatea leporatzen diete. Kazetari eta politikari ugarik adierazpen askatasunaren aurkako erasoa salatu zuten epaitegiaren aurrean.
GARA |
Egunkari, telebista eta albiste-agentzia kurduetako 44 kazetariren aurkako epaiketa hasi zen atzo Istanbulen. Ankarak KCK taldearen kide izatea egotzi die, eta talde hori PKKren menpe dagoen erakundea dela esanez, «erakunde terroristaren» kide edo buru izatea leporatu die. Hortaz, 7 eta 20 urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen du akusazioak.
Baina aurkeztutako frogak kazetarien euren lana baino ez da. 800 orrialdeko sumarioan politika, ekonomia, ingurumen, kultura edo arteari buruzko albiste, elkarrizketa eta erreportajeak dira; euren etxeetan aurkitutako liburuak, grabatutako telefono elkarrizketak edo manifestazioen berri emateko bertan egotea ere delituen ebidentzia moduan aurkeztu dira.
Besteak beste, Selahatin Demirtas BDP alderdiburuari egindako elkarrizketa PKKrekiko loturatzat jotzen du akusazioak Bilal Byraktar fiskalak egindako sumarioan, Istanbuleko 15. Epaitegi Gorenak onartu duena.
Gainera, salaketen oinarria finkatu duten zazpi lekukoen nortasuna sekretupean dago. Horietako batek kazetariak atxilotu eta 13 egunetara eman zuen testigantza.
Firat eta Dicle berri agentziak, «Azadiya Welat» eta «Ozgur Gundem» egunkariak eta Roj TV eta Nuçe TV telebistak dira, besteak beste, epaitutako kazetarien komunikabideak.
Kurduak dira gehienak baina ezkerreko komunikabideak edo independenteak ere badaude.
Kurdueraz ez
Kazetariak txalo eta oihu artean sartu ziren epaitegian. Bitartean, kanpoan ehunka kazetari eta politikari elkarretaratu ziren protesta moduan, eta Alemaniako kazetari talde batek ere parte hartu zuen.
Epaiketa hasi zenean epaileak kurdueraz hitz egitea debekatu zien kazetariei. «Ama hizkuntza erabiltzea arnasa hartzea bezalakoa da. Arnasa hartzeko baimena eskatu behar ote da?», galdetu zuen Yuksel Gencek, epaitutako batek.
Turkiak milaka sindikalista, politikari, akademiko eta kazetari kartzelatu ditu azken hiru urteotan, beti PKKri lotuz eta «terrorismoa» leporatuz. Erakunde kurduek salatzen dutenez, atxiloketa horiek Gobernu turkiarraren saiakerak baino ez dira herri kurdua isilarazteko eta bizi duen egoeraz informazioa zabaltzea galarazteko.
«Epaiketa politikoa da. KCK aitzakia duten epaiketa guztiek borroka politiko kurduaren bizkarrezurra apurtzeko ahaleginak dira», adierazi zuen Ertugrul Kurkcu BDP alderdi kurduaren parlamentariak. «Aparatu judiziala gerra arma bat da», gaineratu zuen.
Turkian 97 kazetari daude kartzelan (gehienak kurduak), Txinan (22) baino askoz gehiago, Mugarik Gabeko Erreportariak erakundearen arabera. Azken hiru urteotan 180 kazetari espetxeratu dituzte eta 600 inguruk pairatu dute nolabaiteko lege-jazarpena.
Europako Kazetarien Federazioak Turkiako «lege antiterroristagatik» atxilotutako kazetariak askatzeko eskatu du eta hainbat behatzaile bidali zituen atzo hasitako epaiketara. Galiziako Santiagoko kazetariek Zeynep Kuray kideari babesa eman zioten.