GARA > Idatzia > Euskal Herria

Porrontxo jaiak dira egiatarren eleberria, koadroa eta abestia

Txupinazoarekin eta kuadrillen igoerarekin, bete-betean sartu ziren egiatarrak atzo jaietan. Idazleak, margolariak, eskultoreak, musikariak... edozein artistak bezala, sormen ariketa ederra egiten dute urtero Donostiako auzo honetako kuadrillek elkarlanean egitarau oparoa osatzeko. Eurek sortu eta eurek parte hartzen dute denetariko ekintzetan; horixe da, hain zuzen, Porrontxo jaien sekretua.

p018_f02.jpg

Maider IANTZI |

«Ongi etorri Porrontxo jaietara» zioen kartelaren ondotik, koloretako banderatxoen azpitik egin genuen Egia kalean gora, Plaza Haundirantz. Gazteak karpak muntatzen ari ziren, eta azken orduko kuadrillak, bestei hasiera emanen zien arratsaldeko igoerarako orgak prestatzen.

Bi gazterekin elkartu ginen, Txomin Bornaetxea eta Joxean Abeciarekin, besta hauen filosofia eta mimoz prestatutako egitaraua ezagutzeko asmoz. Bigarrenak «Sin Totxa» idatzita duen porrontxoetako kamiseta zeraman soinean eta ikusi orduko hurbildu zitzaizkion hiruzpalau auzotar ea beren neurrikorik bazuten galdezka. Jai usaina sumatzen zen.

«Jai herrikoiak dira hauek; asmoa ahalik eta parte hartzaileenak izatea da, berdintasuna bultzatzea, euskaldunak izatea, eta autogestionatuak. Ekintza guztiak kuadrillok antolatzen ditugu eta kuadrillen batzarrean hartzen ditugu erabakiak. Gauden 500 pertsona baino gehiagok lantzen ditugu ekintzak, eta gero guk parte hartzen dugu ekintza horietan. Jendea beti dago harrapatuta, badakielako bere laguntzarik gabe porrontxoak ez liratekeela porrontxoak izango, baizik eta ohiko jaiak», adierazi zuen Joxeanek. Gaineratu zuenez, auzoko merkatariek ere parte hartzen dute, eta laguntza ekonomikoa ematen dute.

Eraso sexistak ekiditeko, Bilgune Feministarekin elkartu dira kuadrillak, eta zaborrak kudeatzeko plan bat egin dute Donostiako Udalarekin: material biodegradagarriak erabiliko dituzte bazkarian.

Motorrak berotzen

Aurten 31. edizioa betetzen duten jai hauetan atzo bota zuten txupina, baina joan den larunbaterako hasi ziren motorrak berotzen, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariekin egindako bazkarian. Gero aste kulturala hasi zuten; egun bakoitza bere izenarekin. Astelehena, «Badator badatorrena», txikien gozamenerako izan zen bereziki. Apar festak Plaza Haundia eta ondoko bidea ere bete zuen aparrez, eta goming-a eta puzgarriak ere izan ziren. Asteartea ere, «Ez da ez lehena», umeentzako aukeraz beteta egon zen. Margo tailerraren eta erakusketaren ondoren, merezitako txokolate goxo eta beroa hartu zuten.

Kuadrillek Sudur Puntan ikus-entzunezko «lagunketa» (ez lehiaketa) egin zuten, eta plazan proiektatu zituzten osatutako lau film laburrak. «Iaz gehiago aurkeztu zituzten, baina kalitatea igo egin da», azaldu zuen Txominek. Hiru segundotik hiru minutura arteko bideoak eskatu zituzten, gai librean. Talde baten lanak, adibidez, «Zonbien Egia» izena du, baina bukaeran deskubritzen denez, zonbi horiek gaupasero batzuk baino ez dira. Bideo guztiak dira umore onez eginak, baita, bi gazteek kontatu zigutenez, kuadrillen arteko «lehia sanoan» ere. Kuadrilla batek bertze bat zirikatzen du, eta hurrengoan bertzeak erantzuten dio. «Egiatarren arteko `rolloa' sortzea da asmoa». Denera 40 kuadrilla inguru dira eta bakoitzean hamar lagun daude gutxienez. Bazkarian, 500 pertsona baino gehiago elkartu ohi dira. «Gazteak gara gehienak, baina haurrek ere badituzte taldeak. Batez ere Aitor ikastolakoek pila bat errazten digute lana eta auzoaren sentimendua bultzatzen dute».

Asteazkena, «Gastroporrontxoa», tabernen arteko pintxo lehiaketaren eguna izan zen. Hiru adinetako ordezkari banak osatu zuten epaimahaia; 25 urterekin jada Arzaken, Berasategin eta sona handiko bertze jatetxe batzuetan ibili ondotik sukaldari ohia den Jon Mendizabal; A Fuego Negroko sukaldari burua; eta sukaldaritza tradizionala ordezkatzen duen Ana Ezeiza auzoko ile apaintzailea.

Kuadrillen igoera

Txominek eta Joxeanek aipatu zigutenez, azken bost urteotan modan jarri da auzoan lagun taldeek edariak garraiatzeko beti eraman izan dituzten gurdiak tuneatzea. Gai bat ematen diote eta kideak ere mozorrotu egiten dira gai horrekin lotuta. Gurdi batzuen maila ikusgarria da.

Jaiak hasi baino aste batzuk lehenago e-mail eta kartelen bidez jendea animatzen hasten dira gurdiak atontzeko. Txominek goizean aitortu zigunez, euren gurdia «enbrioia» baino ez zen oraindik; Joxean eta bere lagunek, aldiz, fin-fin, duela bi aste amaitua zuten.

Azken horiek, «ñoñostiarrismoa» eta euren auzo edo herriaren nortasunaren gaia lantzeko asmoz, «gabarroi `ñoñostiar'» erraldoi bat eraikia zuten, txirrista, tranpolin eta barruko igerilekuarekin. Bertan gorde zituzten edariak. 1920ko hamarkadako «ñoñostiarrez» jantzi ziren, eta omenaldi xumea egin zioten Pakito izurdeari, aldarea jarriz gabarroian.

Txominen kuadrillan bezperan erabaki zuten Egia Vegas kasinoa ireki, eta grupier, Las Vegaseko jokalari tipiko eta segurtasun agenteen azalean jartzea.

Maila hala igotzen ikusita, lanik hoberenari urrezko orga ematea erabakia zuten. Mister eta missen bandak ere jartzekoak ziren, justu kuadrillen karaokea hasi aurretik. Gazteek erran zutenez, itzela izaten da hau, ekintza arrakastatsuenetakoa. «Abesti euskaldunak kantatzen ditugu, klasikoak. Jende pila batek hartzen du parte, auzoaren momentua izaten da». Asteburuan lagun anitz etortzen da kanpotik; osteguna, ordea, «pribatua» izaten da duela hiru hamarkada jai bat behar zutela erabaki zuten auzotarrentzat. «Hortik dator `Porrontxo' izena, nahi genuelako sortu genituelako jaiak».

20.00etan kuadrilla guztiak elkartzekoak ziren lurpeko pasabidearen atarian, pregoia ikusi eta Porrontxo eta Porrontxinaren gibeletik, txarangak eta batukadak alaituta, Plaza Berrira igotzeko. Haurrek jaitsiera egin behar zuten, 17.30ean, erraldoi eta buruhandiek lagunduta.

Gaur, Haur eta Gazte Eguna

Gazte asanbladak eta Polloe Bizirik elkarteak antolatuta, Haur eta Gazte Eguna eginen dute gaur. Bertzeak bertze, 150 gazte inguru bilduko dituen bazkari herrikoia izanen da.

Arratsaldean Bolinga Sound System auzotarren txaranga bereziak animatuko ditu kaleak, eta gazte asanbladak ongietorria eginen die «atzerriko lagunei»; inguruko auzoetakoei alegia. Joxeanek eta Txominek oroitu zutenez, 2010ean baimen kontuak zirela-eta Udalarekin liskarra izan zutenean, auzoetakoek Porrontxo jaiekin bat egin zuten. Antiguan, adibidez, berrehun laguneko txaranga bat antolatu zuten eta abisatu gabe etorri ziren Egiara.

«Hunkigarria izan zen, oso polita, eta hortik aurrera gure egitarauan sartzea erabaki genuen. Harrera egiten diegu lurpeko pasabideko sarreran, joko, edari eta merendolarekin, eta Bolinga Sound Systemekin igotzen gara denak».

Egia Herrira Eguna eta Euskal Jaia etorriko dira gero. Lehendabizikoan, larunbatean, eguneko ekintzak sustatzen saiatu dira, jendeak benetan parte hartzeko modukoak. Jokoak baino handiago, olinpiadak eginen dituzte. «Gure esku dago» flash mob herrikoia grabatuko dute eta herri krosa gauera pasatuko dute. Lehendabiziko aldiz eginen dute guatekea eta Rock Kam Brom!!! auzotar musikariek osatutako taldea kamioi gainean ibiliko da kantu arrakastatsuen bertsioak jotzen.

Igandean, Euskal Jaiarekin emanen diete amaiera Porrontxo jaiei: pilota finalak, sagardo dastatzea, bertsolariak, bazkari herrikoia, denak dantzan jartzen dituen erromeria... Azken traka eta heldu den urtera arte!

Sudur puntan

Kuadrillek Sudur Puntan ikus-entzunezko «lagunketa» (ez lehiaketa) egin zuten, eta plazan proiektatu zituzten osatutako lau film laburrak. Denak ziren umorez eginak, baita «lehia sanoan» ere, batak bertzea zirikatuz.

gabarroi erraldoia

«Ñoñostiarrismoa» eta euren auzo edo herriaren nortasunaren gaia lantzeko asmoz, «gabarroi ñoñostiar» erraldoia eraiki zuten, txirrista, tranpolin eta igerilekuarekin. 1920ko hamarkadako jantziekin ibili ziren.

karaokea, itzela

Gazteek erran zutenez, itzela izaten da karaokea, ekintza arrakastatsuenetakoa. «Abesti euskaldunak kantatzen ditugu, klasikoak. Jende pila batek hartzen du parte; auzoaren momentua izaten da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo