GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Iratzartzen duen haizea...

Krudeltasunaren gordintasun guztia ikusi dugu Iosuren kasuan. Giza eskubideen sorterrian nahiko lan dute gaiaren aipatzeko, alegia eskubide famatuek gaixotasun larria dutela, frantses prentsak bezala!

Parean ditugunak sozialistak dira. Eskuina nahiko diskretua dugu azken asteetan. UMP alderdiaren burua hautatzeko debateetan dabiltza. Urrats horiek bukatuak izanen dituztelarik, sutsuki itzuliko dira galdu dituzten aulkien berreskuratzeko esperantzan.

Bitartean, agintean, sozialistak. Azken hauteskundeetan abertzaleen laguntza haientzat premiazkoa izan zela argi dute. Ondorioz, Iosuren aldeko elkarretaratze batzuetan bi diputatu sozialistak agertu dira. Hau ez zen aspaldi gertatu. Oso baikorra da. Alegia, tokiko hautetsiak abertzaleen pisu errealaz jabetu direla. Hortik goiti, ondorio gutxi atera daiteke, Paris oso urrun baita, Ipar Euskal Herrian gertatzen denak ez ditu han asko kilikatzen. Donaixtin gazteek okupatzen zuten eskolan gertatutako kanporaketaren ondotik ikusi dugu Valls jaunak zein ongi konpontzen dituen konfliktoak. Kulturaz zer iritzi duen! Bederatzi polizia furgoi eta kulturgune zena gaur egun hetsia da. Ez du inork baliatzen! Goi mailako Barne ministroa. Sarkozyk ez zuen bestela jokatuko!

Ez dugu bestalde Maitia jaunaren iritzirik entzun, edo oso apal! Donaixtiko eskola okupatzen zuten gazteek abertzale etiketa dukete. Hautetsi zaharkitu batzuek ez dukete ulertu gaur egun abertzale izatea kementsu hitzaren sinonimoa dela. Askoz eta zailagoa da gaur egun gazteak kriminalizatzea, betiko diskurtsoak botatzea. Herritarrek ez dituzte sinesten. Deus ez da berdin, ondoko hauteskundeetan fakturak ordainduko dira eta berriz ere sorpresak izanen dira. Betiko jaunttoak berritze lanetan hasi beharko dira tokiak ez badituzte galdu nahi. Eta galtzen badituzte hobe! Gazte abertzaleek ideia eta proiektu andana dute, herriak beren esku behar dituzte martxan emateko. Herrietan bizia sortzeko.

Boz batez joanen dira Parisera tokiko instituzioaren eskatzera Ipar Euskal Herriarentzat. Etengabe hori zioten. Boz bakarrez hitz egin beharra. Egina da! Orain eskumenen kolorea begiratuko dugu. Beste batzuk, gure ondoan independentziaren haize ufadak hedatzen ari baitira. Presa ari zaigu sartzen, bederen xinaurriak sentitzen ditugu oinetan. Katalunian Artur Masek aldarrikapenaren aurrean hartu duen jarrera unearen neurrian egon da, estatuaren sortzeko erronkari aurre egiteko prest agertu da. Irudikatzen saiatu behar da, EAJren esku litzatekeen lehendakaritza jarrera berdina hartzen! Ez da erraza, alta horretara joan behar dugu estaturantz joateko. Kataluniak, Quebecek haize freskoa, berria, iratzartzen duena, ekartzen digute. Posible dela erakusten digute, elkarrekin joanez, apurka, loturak eginez, indarrak metatuz, desberdintasunen gainetik, estatua indar desberdinez osatzen baita. Une berriek bide berriak ireki dituzte, beldur, hutsune, zailtasun askorekin. Zuhurki joan beharko gara, etsaiak hamaika traba, oztopo eta tranpa jarriko baitizkigu erdian, etsaia abila da, krudela!

Krudeltasunaren gordintasun guztia ikusi dugu Iosuren kasuan. Giza eskubideen sorterrian nahiko lan dute gaiaren aipatzeko, alegia eskubide famatuek gaixotasun larria dutela, frantses prentsak bezala!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo