GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

BLOKEA Hegoafrika

Bi 8b+ Markel Mendietarentzat

Arrasatearrak «Derailed» eta «Oliphants dawn» sinatu ditu Hegoafrikako Rocklandsen. Gainera, oso saio gutxi behar izan ditu.

p048_f02_148x104.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Orrialdeotan behin eta berriz aipatu izan dugu Markel Mendieta blokeko espezialista indartsua dela. Jakina, hori baieztatu ahal izateko, han eta hemen egin dituen bloke gogorrei begiratu behar diegu. Etxean eta kanpoan lortu dituen emaitzak balio handikoak dira; baina, hala ere, beste espezialista mediatiko batzuk ez bezala, arrasatearrak sinatzen dituen bloke zailek ez dute oihartzun bera.

Alabaina, udako oporretan izan duen jardunak, goraipatzekoa izateaz gain, uste dugu bere benetako tokian utzi duela. Beste era batera esanda, nazioarteko espezialisten pare utzi du. Mendieta 40 egunez izan da Rocklandsen (Hegoafrika). Mundu mailan sona handia duen boulderreko eremu hori aukeratu zuen gogor estutzeko. Eta emaitza azpimarragarria da, besteak beste, 8b+ zailtasuneko bi bloke poltsikoratu dituelako. Eta, gainera, nola sinatu ere; izan ere, oso saio gutxi behar izan ditu.

Orri honetako protagonista beste euskal kide batzuekin abiatu zen Rocklandsera. Jakin bazekiten gogor estutzeko oso baldintza egokiak izango zirela, Hegoafrikan negua zelako. Jakina, ez dira bakarrik egon, nazioarteko beste blokero indartsu batzuek ere Rocklands hautatu zutelako. Han ziren: Paul Robinson, Dave Graham, Daniel Woods, Nalle Hukkataival...

Mendietak lehen aldia zuen Rocklandsen, eta azaldu digunez, asko gustatu zaio: «Eskalatzeko oso baldintza onak izaten dira, oso bloke ederrak ditu, estilo ezberdinetakoak, kalitate handikoak eta estutzeko aukera zabala dago. Lehen hogei egunetan blokeak aztertzen egon nintzen, eta azken bi asteetan, berriz, aukeratutako blokeetan dena ematen jardun nuen».

Fred Nicolerenak

Aipatu dugunez, arrasatearraren bidaiatik bi izar aipatu behar dira: 8b+ zailtasunekoak. Gainera, biak ala biak Fred Nicolek zabaldu eta lehen igoerak egin zituen. «Oliphants dawn», adibidez, 2000. urtean egin zuen belgikarrak, eta soilik errepikapen bat zuen; uda honetan Hukkataivalek berak eginikoa. Bada, egun gutxira, Mendietak bigarren errepikapena erdietsi zuen.

Eta azpimarratzekoa da oso saio gutxi behar izan zituela horretarako: «Lehen egunean ia atera zitzaidan. Bigarrenean, bero egin zuen eta ez nintzen ondo ibili. Eta hirugarrenean, baldintza onak egin zituen; ilargia atera zen eta oso saio bikaina egin nuen. Erori pixka bat duen hiru mugimendutako xafla bat da; Larraonako estilokoa».

Bigarren sariak «Derailed» du izena. Nicoleren bloke hau, besteak beste, Robinsonek eta Grahamek egin dute. Mendietak dio bloke hori ederra dela oso: «Asko gustatu zitzaidan. Fisikoa eta, nire garaiera kontuan hartuta, oso aleatorioa. Justu-justu iristen nintzen. Bi egun probatu nuen, baina oso baldintza kaskarrak zeuden. Baldintza onak iritsi zirenean, serio eta gogor estutu nuen, eta blokearekin egin nintzen».

Arestian esan dugun bezala, horiek izan ziren gipuzkoarraren bi izarrak. Jakina, beste bloke asko probatu eta egin zituen. Saiatutako bat 8c zailtasunekoa, eta puntu-puntuan zuenean etxera itzuli behar izan zuen. Eta, hori guztia gutxi izango balitz bezala, 40 eguneko opor horietan Mendietak eta bere kideek hainbat bloke zabaldu zituzten.

bi 8b+

Markel Mendietak «Oliphants dawn» eta «Derailed» bloke gogorrak sinatu zituen. Lehen blokearen bigarren errepikapena egin zuen.

bikain

Arrasatearrak oso saio gutxi behar izan zituen bi bloke horiek sinatu ahal izateko; biak ala biak Fred Nicolek zabaldutakoak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo