GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SEGA Nazioarteko era

Euskal kirolariek lan ona egin dute Alemanian

p044_f02.jpg

 

J.L.

Euskal segalariek lan bikaina egin dute Alemanian jokatu den nazioarteko torneoan. Bi probetan lehenengo izan ziren, eta beste hirutan podiuma zapaldu zuten, eta oso gustura geratu ziren saioaren amaieran.

Sega txikian etorri zen garaipenetako bat, bertan Igor Esnaolak lortu baitzuen txapela. Legorretako segalariak irabazi du aurtengo Nazioarteko Erako Euskal Herriko Liga, eta Alemanian ere argi eta garbi utzi zuen hemen lortutakoa ez zela kasualitate hutsa izan.

Proba berean Joxe Gabirondok ere lan bikaina egin zuen, laugarren postua lortu baitzuen. Podiumetik ez zen oso aparte geratu, eta pena horrekin geratuko zen gazteluarra, baina berak egindako lana ere oso ona izan zen.

Bigarren garaipena taldekakoan etorri zen. Joan aurretik ere hor itxaropen handiak zituzten euskal segalariek, eta ez zuten hutsik egin. Mitxelenak, Gabirondok eta Esnaolak osatu zuten taldeak irabazi egin zuen, iragarpenak betez.

Pabi Astondoak, berriz, bigarren postua eskuratu zuen beteranoen mailan. Segalari bizkaitarrak oso lan ona egin zuen, eta Suitzako segalaria gainditu ezin izan bazuen ere, podiumean sartu ahal izan zen.

Altzok ere bigarren postua eskuratu zuen. Zaldibiakoak sega librean lortu zuen postu hori. Sega txikiarekin ez zuen zorte handiegirik izan, baina handiarekin lan oso ona egin zuen gipuzkoarrak. Maila honetan ere Gabirondok laugarren postua lortu zuen, Esnaolak bosgarrena, Mitxelenak zazpigarrena, eta Astondoak zortzigarrena.

Nesketan ere izan ziren emaitza onak. Irati Astondoa bizkaitarra izan zen parte hartu zuen euskal segalari bakarra, eta berak hirugarren postua eskuratu zuen. Euskal Herriarekin batera, Alemania, Suitza, Eslovenia eta Frantzia lehiatu ziren. Azkenean Austria ez zen joan.

Aizkora

Aizkoran, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako bi saio jokatu dira, eta Floren Nazabalek finala jokatzeko txartela eskuratu zuen, aurretik Unai Otañok lortuta zeukan bezalaxe. Herenegun Donato Larretxeak mendean hartu zuen Ugaitz Mugertza. Lan guztiak burutzeko 21 minutu eta 33 segundo behar izan zituen, eta 23 minutu eta 9 segundo, berriz, Mugertzak.

Floren Nazabalek, berriz, atzo irabazi egin zion Iñaki Azurmendiri, eta finala jokatzeko txartela eskuratu zuen. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 58 segundo behar izan zituen, eta Azurmendik, berriz, 24 minutu eta 6 segundo. Hirugarren finalista irailaren 29an jakingo da Zorrotzan. Atutxa edo Larretxea izango da finalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo