Edorta Jimenez Ormaetxea Zain Dezagun Urdaibai elkarteko lehendakaria
Pontuondoko Ontzitegia, eztabaida desbideratu bat
Administrazioak daraman «ofiziozko» jokabideak «zerikusia duela debekaturiko leku batean euren ontzia lehorreratuta duten politikarien abizen ospetsuen kopuruarekin»Nahiz eta egia den Sukarrietan gure aroko lehenengo mendeetatik dagoela dataturik ontzitegi edo kabotaje-portu bat lekuko toponimiak frogatzen duen bezala edo nahiz eta frogaturik dagoen Portuondo Erromatarren Inperio-garaiko portua dela, ez da gutxiago egia joan den mendeko 90eko hamarkadatik erabiltzaileen gorakada izugarri bat egon dela (eta ondorioz ingurumenean eragindako inpaktua dagoela), Portuondoko (Sukarrieta) Laketontzien Elkarteak berak bere barruko informeetan eta aldizkarietan onartzen duen bezala, 1992.urtean egon ziren 180 ontzitik gaur 420 ontzi baino gehiago egotera gehitu baitira.
«Urte hauetan guztietan -ingurumena defendatzen ari diren zenbait elkartek, eta euren artean Zain Dezagun Urdaibaik, diotenez- Sukarrietako Udalak lagundu izan dio Portuondoko Laketontzien Elkarteari Itsas Lur Herri Jabariko lau hektarea baino gehiago eurentzat eta ilegalki erabiltzen eta diru publikoko milaka euro gastatu ditu zenbait proiektu hauek ere ilegaletan, esaterako itsasoko argiterian edo bideo-zaintza sistemen erabileran».
Erabilera ilegal baten etengabeko inposizio-lerro bat egonik, ez Itsasbazterren Administrazioak ez Inguramenarenak ez dute jokatu lege-hausleen kontra, hau da, 400 ontzien jabeen eta eginda duten elkartearen kontra, eta gutxiago oraindik Sukarrietako zinegotzien kontra.
Biosferako Urdaibai Erreserbaren PROGeko 63. artikuluan ezarritakoaren arabera, Portuondoko porturatze-gune ilegala «P2» legez sailkaturik dago, eta, beraz, Babes Bereziko Inguruaren barruan dago. Ondorioz, bere helburuak lehentasunezko eta funtsezko izaera dauka Urdaibaiko ekosistema bereziak edo hauskorrenak, hau da, naturalak ez diren eragin guztietatik babestu behar direnak, hartzen dituelako (itsasadarra, itsasbazterra eta artadia).
Zentzu horretan, Zain Dezagun Urdaibaik uste du inola ere ezin direla ez-kaltegarritzat hartu Kirol Portu Ilegalak ingurune naturalean eragiten dituen ondorioak.
Lehenengo eta behin, behin ere ez delako ikertu «0» aukera, hau da, obrarik ez egitea eta gaurko erabilera ilegalak etetea. Ez dira ikertu, ezta, beste aukera batzuk, esaterako, itsasadarraren barruan eta itsasadarretik kanpo kokatzea.
Bigarren, kontuan hartu beharko litzateke inguruaren argiztatzeak daukan inpaktua eta bereziki fokuek eta erreflektoreek bertako itsas eremuan duten eragina.
Hirugarren, ikusi beharko litzateke ontzien pisuak itsasbeheran zorua trinkatzean txirletan eta gainerako bibalbioetan duen eragina. Ikusi beharko litzateke, era berean, jendearen eta motordun orgatxoen joan-etorriak inguruan daukan eragina ere. Eta halaber, motorren zaratek itsaspeko ingurumenean daukan ondorioa eta ZETAko hegaztiengan duen eragina. Eta ezin dugu ahaztu «Bideo-zaintzak» itsasbazterraren erabiltzaileengan eta esku-sartze ez-legitimorik gabe itsasoaz gozatzeko eskubideetan daukan inpaktua.
Laugarren, kontuan hartu beharko litzateke txalupen eta ontzien inbasioa gertatzen dela itxura guztien arabera arkeologia egon daitekeen eremu batean eta Portu Zaharra edo Toña hondartzaren 50 metrotako babes-eremua edo perimetroa etengabe inbaditzen dela.
Zain Dezagun Urdaibairen ustez, behingoan planteatu beharko litzatekeena da Itsas Lur Herri Jabariaren okupazio ilegala murriztea eta Itsasadarra pribatu bihurtzea gararaztea eta guztiok onartzen ditugun ingurumen-eraginak desagerraraztea. Ingurumenaren eta gizartearen ikuspuntuetatik sostenga daitekeena da Itsasadarraren (Urdaibairen) inguru horrek 1993an, Biosferaren Erreserbari buruzko PRUG indarrean sartu zenean, izan zuen egoerara itzultzea, hau da, Erabiltzaileen Elkarteko iturrien arabera 170 edo 180 ontzi egotera, Itsasbazterren Araudiko 60. Artiku- luak ezartzen duenera hain zuzen, hau agintzen baitu: «Dena dela, okupazioa ahal denik eta txikiena izan behar da.»
Iturri berdinek esaten dute Lankidetza Batzordeak 2001eko abenduaren 18ko osoko bilkuran kontrako informearen eta proposamenaren alde agertu zela eta gero Patronatuaren Osoko bilkurara eraman zuela, eta eskatu ziola «erakunde eskudunen aurrean bitarteko egiteko bereziki Portuondoko kokaleku horretan eta oro har Urdaibain laketontziak lehorreratzeko antolaketa egoki bat lor dadin. Era berean, eskatzen du Patronatua zuzen dadila Foru Aldundiko Kultura Sailera tokian dagoen eremu arkeologikoa (antzinako portu erromatarra) muga dezan eskatzera, Kontseiluaren ustez ahalmen handiko aztarnategi bat delako».
Urte hauetan administrazio batek ere ez du mahai gainean jarri laketontzien amarratzeari buruzko planik eta, ezta, Urdaibai itsasadarra bezalako poli-babesturiko gune batean egin daitezkeen kalteei buruzkorik ere. Auzotar batzuk konbentziturik daude itsasbazterren legearen defentsan administrazioak daraman «ofiziozko» jokabideak «zerikusia duela debekaturiko leku batean euren ontzia lehorreratuta duten politikarien abizen ospetsuen kopuruarekin».