GARA > Idatzia > Mundua

Sindikatuen zilegitasun falta agerian, Hegoafrikako meatzeetako krisian

Hegoafrikako meatzeetan abuztutik hona izandako greba eta protestek langileen zati handi batek ohiko sindikatuengan konfiantzarik ez duela agerian utzi du. Marikanan akordioa lortu bada ere, istiluek eta greba deialdiek aurrera jarraitzen dute eta urre meatzeetara hedatu dira.

GARA | JOHANNESBURGO

Hegoafrikako meatzeetan bizi duten krisiak agerian utzi du langileen zati handi batek ohiko sindikatuekiko konfiantza galdu duela. Bake egoera bermatzetik urrun, jendartean dauden desberdintasunak handiak izan arren, haiekiko babesa beherantz doa.

Istiluz betetako greba gogor baten ostean -46 hildako utzi dituena, gehienak poliziaren erasoen ondorio-, aste honetan lortu dute Lonmi enpresak Marikanan duen meatzeko langileen soldaten igoera.

Behatzaile askok, lortutako akordioa ontzat hartu duten arren, Marikanan lortutako ituna gainerako meatzetako langileak aztoratzeko eta Lonmiko langileek erabilitako moldeak errepikarazteko bultzada bat izan daitekeela uste dute.

Hala gertatu da Anglo American Platinum eta Gold Fields enpresetako platino eta urre meatzeetan. Bertako langileak greban daude eta Marikanako akordioa langileen garaipen gisa ikusten dute, euren borrokarako grina areagotuz.

Bide hau arriskutsua da ohiko sindikatu zein enpresarientzat, zeintzuk, Gobernua bezala, anarkiaren beldur diren.

Urre meatzeetara iritsi da

Greba berri bati ekin zioten ostegun iluntzean AngloGold enpresako urre meatze batean.

5.000 pertsonak egiten dute lan hor eta, informazioen arabera, hileroko soldata 1.700 eurora igo diezaieten eskatzen dute.

«Gure meatzeetako batean, Kopanangan, greba hasi zuten ostegunean langileek», adierazi zuen Alan Fine talde hegoafrikarreko bozeramaileak.

Greba langileen batzar nagusi baten ostean hasi zuten, Meatzarien Batasun Nazionala sindikatuko bozeramailearen esanetan. Aurrez, urrearen sektorean nagusi den sindikatu honek Marikanan lortutakoa aurrekari arriskutsua zela ohartarazi zuen.

«Ez nuen greba espero. Ez zen grebarik espero, baina Lonmi enpresako Marikanako meatzean lortutako akordioak sortutako aurrekariaren ostean, modu batean ala bestean, horrelako mugimenduak gertatuko direla uste dut», zioen langile batek.

Abuztuan piztutako meatzaritzako protestek hainbat meatzetako langileria bildu dute, meatze ugariren jardueran eraginez. Baina, Kopanangeko greba da Marikanan akordioa sinatu ondoren piztu den lehena. KDC Westeko urre meatzeak, Gold Fields taldeak ustiatzen duena, geldirik daramatza bi aste inguru bertako langileek gauzatutako protesta sozialen ondorioz.

Platino meatzeek ez bezala, ordea, urre meatzeek itun sektoriala dute, sindikatu zein enpresak lotzen dituena 2013 arte.

atxilotze agindua

Hegoafrikak Juluis Malemaren, Afrikako Kongresu Nazionaleko Gazteriaren buruzagi ohiaren, aurkako atxilotze agindua eman zuen atzo. Malemari dirua zuritzea, ustelkeria eta iruzurra egozten diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo