Euskarari bihotza irekitzera animatu dute jendea mintzalagunek
Mariatxi doinuak dituen bideo dantzagarri batekin eta maitasun eskutitz batekin, euskarari bihotza irekitzeko proposamena egin dute mintzalagunek. Topaguneak jakinarazi duenez, zabalik dago hizkuntzarekiko maitasunetik sortutako elkargune hauetan izena emateko epea.
Maider IANTZI | DONOSTIA
«Kaixo laztana, `laztana' ala `lastana' idatzi behar da? Hau buruhaustea! Ez dakit nondik hasi ere. Seguru asko harrigarria egingo zaizu maitale ezezagun bat duzula jakitea, baina hala da. Behin baino gehiagotan egon naiz zuregana hurbildu eta zerbait esateko puntuan, baina, ez naiz inoiz ausartu zuzenean hitz egitera...»
Hala hasten da mintzalagunek «Ireki bihotza» kanpainarako idatzi duten gutuna, azken hamarkadatan euskaldunon mundura hurbildu eta mundu honetako parte izatea aukeratu duten guztiei zuzendua, baita hautu hori egiten ari direnei eta eginen dutenei ere.
«Barkatu. Euskara ikasten ari naiz. Beharbada, hortik hasi behar nuen. Hain zuzen ere, zurekin hitz egin ahal izateko ari naiz euskara ikasten. Hitz egin edo, sinonimoen hiztegiak dioenez, berba, solas, ele. Mintzatu». Euskaraz mintzatzeko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi dutenak biltzeko programa da mintzalaguna. Astean behin elkartzen dira, talde txikietan, paseoan, kafetegian, parkean... Euskara hobetzeko, gehiagotan erabiltzeko, euskaraz bizitzeko, normalizazioaren alde egiteko, ingurune euskalduna sortu, indartu eta zabaltzeko... Euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea da kide izateko baldintza.
Mariatxiak
Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak, Arrate Illaro mintzapraktika egitasmoetako arduradunak eta Arrate Gisasola Soraluzeko Pil-Pilean euskara elkarteko ordezkariak aurtengo izen-emate kanpainako bideoa aurkeztu zuten atzo. Bertan, bertzeak bertze, «Mihiluze» saioko Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz agertzen dira mariatxiz jantzita, «Ireki bihotza, maitia neretzako, maite zaitudala badakizu oso ondo...» kantatzen eta dantzatzen. Pil-pilean elkartekoak dituzte lagun.
Gisasolak kontatu zuenez, Soraluzen iaz hasi ziren sustapen lanetan eta loraldi polita izan du berbalagun egitasmoak. Orain 25 kide daude programan, adin guztietako jendea, herriari kolorea ematen. Illarok jakinarazi zuenez, orotara 5.000 lagun ari dira mintzapraktika programetan, 65 herri eta eskualdetan. Gehienak hiriburu edo herri handietan; Iruñerrian 420 mintzakide egon dira aurten, Gasteizen 620, eta Getxon 270. Hagitz balorazio ona egiten dute.
Gurasolagun aldaera dute, adibidez, gurasoentzat, eta e-mintzapraktikari bultzada eman nahi diote, Internetek etxetik edozein lekutan dauden euskaldunekin solas egiteko aukera ematen duelako.
«Euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dutenek euskaldunon komunitatean bidelagun direnekiko esker ona dute; eta euskaraz bizi garenok, gurekin bizitzeko hautua egin dutenekiko esker ona».
Kanpainako gutuna eta bideoa Interneten jarri dituzte. Gutuna: «flickr.com/photos/topagunea/7999761480/in/photostream». Bideoa: «youtube.com/watch?v=nHIzbvXkVhM». Informazio gehiago, mintzapraktika.org-n.