GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Galdera traketsei erantzuteko gailua

Harritzeko gaitasuna galtzen ari garela uste dut. Xelebrekeriak gero eta normaltasun handiagoarekin jasotzen ditugu, ia astero, egunero ez bada, entzuten dugu-eta halako edo bestelako lana errazago egin ahal izateko gailu berriak asmatu dituztela. Elkarren artean komunikatzeko eta hitz egiteko joera eta ohiturak dira akaso gehien aldatu direnak azken denboran. Mugikorrik ez duen pertsonarik apenas ezagutzen dut inguruan behintzat, eta dagoeneko ohitzen hasia naiz mendian gora, oinez baino iritsi ezin den tokietan ere, inoren deiak jaso eta erantzuten; haiek bai, haiek ni baino arinago iristen dira-eta mendi tontorrera.

Gailuez haratago, badira lehen ia pentsaezinak ziren ekimenak asmatzen tematzen direnak. Irakurri dudan azkenetakoa, Danimarkan haurren jaiotza sustatzeko okurritu zaiena. Antza, gurasoei intimitatea kentzen die etxean haur txikiak izateak eta horrek jaitsarazi du jaiotza tasa. Irtenbidea emateko, haurtzaindegien ordutegia zabaldu, eta haurrak jasotzen dituzte amak eta aitak beren jokoetan aritzeko beta eta lasaitasuna izan dezaten. Oinarrian dagoen arazoa da gurasoak beldur direla euren seme-alaba txikiek jolasean harrapatuko ote dituzten; izan ere, zer esan?

Horretan gauzak ez dira horrenbeste aldatu, lehen bezala orain ere seme-alabekin sexuaz hitz egitea zaila zaie gurasoei; etorriko dela bai, baina inoiz ere une onean iristen ez den galdera horietakoa da haurren jaiotzaren ingurukoa. Beste ezertan baino gehiagotan baliatzen dira metaforak txikiei sexu harremanak zer diren azaltzeko. Besteak beste, esan eta nahastu egiten da, azalpen eske datorrena ia ezer ere esan gabe konformatzen saiatzeko.

Lehen bezala orain, etxe askotan han edo hemen ikasiko dute pentsatuta kontsolatzen dira gurasoak. Denetik asmatzen den garai honetan, izan ere, egoera horietan lasaitasuna eman eta behar diren hitzak bilatu eta esateko gailurik ez da garatu oraindik, baina nago batera edo bestera horretarako tramankuluren bat asmatuko dutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo