Mikel Ibarguren Idazlea
Leihoak
Gandiaga esperantzari leiho bat zabaltzen saiatu zen legez, ireki behar diogu leiho bat errealitatea osatzen duen harresi gotor honi
Leihoak ezberdinak dira bata bestearengandik, baina zeregin bera dute kanpoaldea eta barrualdea bereizten duten heinean. Leihoari esker barrura begira dezakegu edota kanpora. Leihotik begiratzea gauden lekutik harago egiteko modua da; eta badira gure baitan ditugun leihoak ere, batzuetan itxita edukitzen ditugunak eta bestetan irekita. Barrura begiratzen dugunean geure sakoneran murgiltzen gara; aldiz, kanpora begiratzen dugularik mundua ikusten dugu, munduarekin egon nahi dugu.
Ez dakit orain baldintzapean (judizialki nahiz fisikoki) aske den Iosu Uribetxebarriak zer ikusten zuen burdinaz itxitako ospitaleko leiho hartatik; ez dakit nolako zeruertza ikus zezakeen, gauean izarrik ikusten zuen. Ez dakit bere begiek zer pentsatzen, zer bilatzen edo arakatzen zuten; lagunen diosalik atzematen zuen, elkartasunaren beroa iristen zitzaion edo amets egiteko gai zen leiho ertzera hurbiltzen zelarik. Baina komunikabideetan etengabe agertu den bere begirada sakon hori iltzatua gelditu zait burmuinean. Irudi luke guk ohi dugun baino urrunago begiratzen zuela; beste begi batzuekin so egiten zuela. Normalean, kanpotik barrura baino, barrutik kanpora askoz urrunago begiratzen baita.
«Barrura begiratzeko leihoak» filma jasaten ari den sorgin-ehizak ez du kartzelako errealitatea aldatuko. Halaber, badakigu mendekuak zuztar errotuak dituela eta errealitate hori ezkutatu nahirik euskal presoak (eta senideak) ez ezik, kultura bera (zeluloidea ere arriskutsu bihurtu zaigu, nonbait) epaitu eta zigortu egin dutela. Basagoitikeriak aparte, ordea, euskal presoen errealitatea herri honen errealitatearen zati banaezina da eta sufrimenduaren monopolioa beraiena dela uste duten horiek flako dabiltza giza sentimenduekin, biktimaren sujet (errespetagarri) baino, inkisidorearen azalean erosoago sentitzen baitira.
«Vidas rotas» liburuko hitzaurrean «terrorismoak eragindako biktimak defendatzea, Espainian zibilizazioaren eta nazioaren ideia baten aldeko biktimak defendatzea da» diotelarik, garbi ikus daiteke zein den haien pentsamoldea. Egiaz, Nebrijaren garaiko idazkia ematen du. Tonu bera du. Giza eskubideekin alergiko jartzen diren bakarrenetakoak izango dira. Ikusi besterik ez dago Estrasburgok emandako ebazpenari nola egiten dion iskin zibilizazioa osatzen duen ente hispaniko horrek. Ulertzen duten kode bakarra zigor kodearena da, eskaintzen duten alternatiba bakarra bizi guztiko kartzelarena da. Batasun kimeriko bat zaintzen duen konstituzio ukiezinarekin batera.
Baina hemen parez pare zabaldutako leiho handi eta gardenak behar dira, behingoz, argi garbia sar dadin. Begirada berriak bilatu behar dira, indiferentzia eta ekidistantzia faltsuak alboratuz elkarrekin ibiltzen ikasteko. Inoiz baino gehiago, gauaren muturrean argirik baden ziurtatuko diguten leihoak behar ditugu. Burdin hesirik gabeak.
Gandiaga esperantzari leiho bat zabaltzen saiatu zen legez, ireki behar diogu leiho bat errealitatea osatzen duen harresi gotor honi, barrutik kanpora nahiz kanpotik barrura elkarrengandik elkarrengana egin dezagun. Zinez, inoiz baino arrazoi gehiago ditugu barrura begiratzeko.