GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Giza eskubideen bortxatzaile gisa, nabarmenago

ELDH Demokrazia eta Giza Eskubideen Aldeko Europar Legelarien Elkarteak Madrilgo Gobernuari egindako deia aspaldikoa da Euskal Herrian, non eragile politiko, sindikal eta sozial gehienak bat datozen eskaera horrekin. Gobernu espainolak, ordea, entzungor egin du, ezker abertzalearen hausnarketak ahalbidetu zuen agertoki berriari, Aieteko adierazpenari eta ETAk bere jardun armatua uzteko erabakiari muzin eginda. Gertaera horiek baino lehen ere, onartezinak ziren 197/2006 doktrina eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak kartzelan atxikitzea, testuingurua edozein izanda ere, giza eskubideak urratzen baitituzte; hala ere, gertaera horiez geroztik, Estatu espainola nabarmenago agertzen da giza eskubideen urratzaile gisa, hain zuzen. Izan ere, ELDHk argi asko dio espetxe politika horrek Estatu espainoleko eta nazioarteko legediak bortxatzen dituela. Eta ez da ahaztu behar Europako Giza Eskubideen Auzitegia ere 197/ 2006 doktrinaren aurka azaldu zela joan den uztailean. Madrilek, ordea, ikusi nahi ez duenaren itsukeriari eutsi nahiago du, Europan helegitea aurkezteko epea agortuta, gero eta herritar eta erakunde gehiagok eskatzen diotena atzeratuz, ahal duen bitartean sufrimendua eragiteko asmoz. Baina baita, giza eskubideei dagokienez, egunean baino egunean nabarmenago agertuta ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo