Alternatiba dela erakutsi nahi du LABek, enpresa ttipietako hauteskundeetan
Azaroaren 28an hasi eta abenduaren 12an bukatuko dira enpresa ttipietako hauteskunde sindikalak. Bertan parte hartuko du LABek tokian tokiko alternatiba badela aldarrikatzeko. Kanpaina abiatu aurretik, hauteskundeen antolaketa eta helburua salatu ditu.
Ainize BUTRON | BAIONA
Azaroaren 28a eta abenduaren 12a bitartean izango dira, lehen aldiko, TPE enpresa ttipietako langileen eta etxeko langileen hauteskunde sindikalak. Hamaika langile baino gutxiago dituzten enpresak biltzen dira TPE sail horretan (frantsesez, Très Petites Entreprises), eta Ipar Euskal Herriko langileen %93 halako enpresetan ari dira lanean.
Orain arte, parez pare enpresariekin negoziatzen zuten langileei ordezkaritza sindikala izateko aukera, eta bide horretatik, eskubideen defenditzeko aukera ere eman beharko liekete hauteskunde horiek.
«Enpresa ttipietako langileen eskubideak ahantziak dira. Errealitatea gordina da: lan kontratu prekarioak, segurtasun arau eza eta lan dorpeak», aipatu zuen LAB sindikatuak.
Egoera hori kontuan harturik, sindikatu bezala, hauteskunde horietan parte hartuko duela jakinarazi zuen atzo LABek. Baina, kanpainan sartu aurretik, hauteskunde horien antolaketa eta helburuak salatu zituen.
Akitania eskualde mailan zentralizatuak izateaz gain, Estatu frantseseko sindikatu nagusien «ordezkaritza indartzeko» antolatuak izan direla salatu zuen LABek, enpresa horietan ari diren «langileen eskubideen defentsan» izan beharrean.
Eñaut Aramendi sindikatuko ordezkariak egoera hori Ipar Euskal Herriaren berezko instituzio baten gabeziarekin lotu zuen.
Lurraldearen ezagupen ezak eragin latzak dituela nabarmendu zuen hala, eta gogora ekarri zituen joan den maiatzean eginiko proposamenak, espazio sozioekonomiko eta negoziazio kolektiborako guneak sortzeko.
Horiek horrela, LAB sindikatuak tokian tokiko «Alternatiba sindikala badago» eta «gu gara» aldarrikatuz parte hartuko du bozetan. Sindikatuak enpresa ttipietan lan egitea ez dela «fatalitate» bat erakutsi nahi du, eta «eskubide berriak» martxan jar daitezkeela aldarrikatu.
Esate baterako, Guadalupen egiten den bezala, bost langile dituzten enpresetan delegatuak jartzeko aukera aipatu zuten. Hauteskundeei dagokienez, Bordelen, Akitania eskualdeko hiri nagusian, zentralizatuko dira, beraz, emaitzak. Sindikatu bezala, «Euskal Herri mailan kokatzen» ahaleginduko direla adierazi zuen Aramendik.
Nola eta zer egingo duten zehaztu ez bazuten ere, arlo horretan aterabide bat atzemateko LABek egingo duen lehen urratsa lekuko eragile sozialekin biltzea izango da.
Hauteskunde kanpaina azaroaren 24an abiatuko da ofizialki, baina LAB jadanik hasia da langileen artean informazioa banatzen hauteskunde zerrendetan izena eman dezaten.
Ondotik, urriaren hasieran lan bilkura bat egingo dute kanpaina nola eraman kideekin batera aztertzeko. Bertan, Korsikako STC sindikatuko ordezkariak ere izango dira.
Mugimendu soziala indartu
Ikasturtea TPE enpresa ttipietako hauteskundeekin hasiko du LAB sindikatuak. Horrekin batera, urtean zehar, «langileen lan baldintzak» hobetzeko borrokan jarraituko duela ere jakinarazi zuen atzo.
Krisi ekonomikoak sortzen duen «egoera kezkagarriaren» aurrean, «mugimendu soziala azkartzen» jarraitzeko helburua daukala esan zuen sindikatuak.
Enpresa ttipien hauteskundeak oraindik ez dira hasi, baina administrazio arazoak direla medio, Akitaniako 100.000 langile hautesle erroldatik kanpo geratu dira. LABek bazterketa hori salatu zuen.