GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko IV. Nazioarteko Zinema Ikusezina jaialdia hasi da film sozialak Bizkaian proiektatzen

Inaugurazio ekitaldia ostegunean izango bada ere, hainbat lekutan emanaldiak egin dituzte jada. Aurten, 33 herritako 55 lan izango dira ikusgai Bizkaiko zortzi udalerritan. Filmen %49 emakumeek eginak dira.

p049_f01_98x89.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Mundu zabaleko hainbat gatazkaren berri ematea helburu duen Bilboko IV. Nazioarteko Zinema Ikusezina-Film Sozialak jaialdiaren inaugurazio ofiziala ostegun honetan izango da, Bilboko Alondegiko areto nagusian, zinemaz beteriko aste bati hasiera emateko.

55 dira aurten ikusi ahal izango diren filmak, 33 herrialdetan eginak, eta horien %49 emakumeek zuzendutako lanak dira.

Kultura Communication Desarrollo gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta, Lakua, Bizkaiko Aldundia eta Bilboko Udalaren sostengua dauka jaialdiak. Guztira, 125.000 eurokoa da aurrekontua (iazkoaren aldean, %40 gutxiago), 14.600 euro sarietara zuzenduta daudelarik.

Saioak Barakaldon, Bilbon, Elorrion, Erandion, Mungian, Portugaleten, Iurretan eta Fikan izango dira. Proiekzioak egingo dituzten aretoen artean, lanbide heziketako lau ikastetxe daude.

Hainbat gai ezberdin

Jaialdiaren laugarren edizio honetan mota askotako lanak egongo dira ikusgai (dokumentalak, fikzioak eta animazioak, besteak beste), eta jorratzen dituzten gaietan ere aniztasuna da nagusi, besteak beste, autismoa, Haitiko emakumeen egoera, Askatasunaren Flotaren kontra komando sionistek egindako erasoa, M-15 mugimendua, emakume ijitoak, Monseñor Romero, eta Lisboako Moureira zein Bilboko San Frantzisko auzoetan oinarritutako istorioa.

Jaialdiak hainbat zinemagile gonbidatu ditu, hala nola Nosrat Haouari (Maroko), Monica Moya (Estatu espainola-Kolonbia), Elizabeth Pirela (Venezuela) eta Sandra Yepez (Peru). Edilberto Jurado kolonbiarra ere gonbidatu dute, baina azkenean ezin izango du etorri, agintari espainolek ez diotelako eman bisa.

Jaialdiak hainbat sari banatuko ditu: giza eskubideen alorrekoa; emakume batek egindako lanik onenaren saria; garapen iraunkorraren, genero berdintasunaren, kulturartekotasunaren alorretakoak; ikasleen saria; ikus-entzuleen saria; eta lehenenbizikoz, euskaraz eginiko lan sozial onenarentzako aipamena, 2013an sari bihurtuko dena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo