GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HUELGA GENERAL 26 DE SETIEMBRE

Irailaren 26an, greba orokorra


Munduan zehar, gero eta maizago agertzen zaizkigu neurri neoliberalen ondorio tamalgarriak. Europako hainbat Estaturen krisialdi gisa aurkezten diguten honek fenomeno globalago batean badu bere iturburua; gainera, estrukturala den krisi horren erantzuleek izen-abizenak badituzte. Afrika edota Asiako ondareak lapurtu eta mundu osoko jende xumea miseria gorrira kondenatzen dutenak denon ezagun dira. Horiexek dira, zulo ekonomikoan duten ardura saihestu asmoz, langileriari inoiz ez bezalako murrizketak eta bizi baldintza ezin txarragoak ezartzen dizkiotenak.

Krisi hau ez da herri batena edo bestearena, ez eta Europa soilarena, kapitalismoaren fase garaikidearena baizik. Duela mende bat kolonialismoaz edota gerla konbentzionalez gauzatu eta are bideratzen zuen fase inperialistak, muga estrukturala gaindiezinekin egin du topo dagoeneko. Kapitalismoak bere burua berregokitzeko gaitasun ikaragarria erakutsi du orain arte: aurrekontu estrategikoak murriztuz (70. hamarkadan, petrolioaren krisia tartean), erauste industrialak erabakiz (80ko urteetan, lehiakortasuna aitzakiapean) edota, 90. hamarkadan bezalaxe, zenbait aldarri sozial desitxuratuz eta bere zerbitzura ezarriz (adibidez, jantzi ekologikoaz mozorrotuta). Oraingoan, kapitalismoa ez da ezkutatzen bere sarraskien jomuga nor den aitortzeko: langileok, alegia, betikoak. Non da biktima hauekiko ardura? Non ote hauek erreparatzeko kezka? Non kapitalismoak eragindako miseriagatik barkamenak?

Bagenekien kapitalismoak ez diola gizatasunari jaramonik egiten. Finantza-kapitalismoak, urte luzetako borrokari esker langileek erdietsitako eskubideak ezabatze bidean jarri dizkigu. Berak piztu eta bultzatutako krisia, denon esfortzuaz nahi luke ordaindu, operazioaren koste ekonomikoa gure bizkar jarriz.

Aldaketa hauek guztiek sekulako zirrara eragin dute mundu osoan eta nola ez, Euskal Herrian ere: soldatak izozturik daude aspaldidanik eta soldataren gehigarriak desagertzeko bidean; lan baldintzak gero eta kaxkarragoak, hipoteken espekulazioak bere horretan; lehengaiak gero eta garestiagoak; jakien salneurriak goraka nabarmen... Eta parean, banketxeek etekinak jasotzen jarraitzen dute, txiroen kopurua areagotzen den artean.

Euskal Herriko langileriak greba orokorrari ekingo dio berriz ere datorren 26an. Egoera erreparatuz, ez da tamalez burutu beharko dugun greba bakarra, ez eta azkena ere. Gure esku dago, egoerari aurre egin eta errotik aldatzea. Pairatzen duguna eraldatzea posible baita. Inperialismoa kapitalismoaren mailarik gorena denez, Espainiaren zein Frantziaren inposaketa borrokatuz gizarte berri baten alde borrokatzen ari garela argi agertzen zaigu: Estatu horiexek dira euskal jendeak sufritzen duen egoeraren erantzuleak, arestian esan bezala bakarrak ez izan arren.

Alde nazionala eta alde soziala txanpon bereko alde biak dira. Hala irudikatu zuen Euskal Askapen Mugimenduak aspaldi eta hala jarraitzen du izaten. Hain zuzen, Gudari Eguna dugu 27an eta bertan omentzera goaz independentzia eta sozialismoaren alde borrokan bizitza eman duten guztiak. Gaurko grebarekin ez gara krisiaren aurrean erantzun soila eskaintzen ari, guztiok amestutako gizarte berri bat aldarrikatzen ari baikara. Espetxetatik euskal langileriarekin, euskal borrokalariekin bat egiten dugu!

Independentzia eta Sozialismoa! Amnistia-Autodeterminazioa!

EPPK

Euskal Herria bihotzean, 2012ko irailean

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo