Koordinazioa eta elkarlana ezinbestekoak dira herri txikietako kulturgintza optimizatzeko
GARA | ERREZIL
Errezilgo Atala kultur elkarteak antolatuta, pasa den ostiralean, Igeldo, Alkiza, Zerain, Larraul, Beizama, Bidegoian, Albiztur eta Errezilgo kultur ordezkariek herri txikietako kulturaren inguruko mahai-inguru batean parte hartu zuten.
Herri txikietako kultur dinamika finantzatzeko moduak, herriko eta herritik kanpoko harreman sareak eta gisako gaiak lantzea izan zen mahai-inguruaren abiapuntua.
Ondorio nagusiak
Alde batetik, bi dira herri txikietan garatzen diren kultur ereduak: udalek bultzatutakoa eta udalekin zerikusirik ez duten taldeek sortutakoa; batetik bestera abiapuntuak, interesak eta funtzionamenduak ezberdinak dira.
Oso herri txikiak diren heinean, udal kultur politikak dira nagusi, eta askotan, bakarrak; hauteskundeetan hautagai zerrenda bakar bat egoteak errazten ditu hauek guztiak. «Udalaren baitan ulertzen da kultur taldea bera edo kulturari lotutako dinamika ezberdinak. Nahiz batzuetan, ondoren, talde horiek modu autonomoan funtzionatzen duten. Herrian kulturari lotutako talde ezberdinak udalaren bitartez koordinatzen dira», azaldu diote GARAri kultur eragileek.
Herri bakoitzeko kultur agenda nola adostu eragileen artean eta ekimen kulturalen finantzazioa dira mahai-inguruan parte hartu zutenek jorratutako beste bi gai. Ezinbestekoa da koordinazioa ondo lantzea egiten diren gauzek elkarri arreta ez kentzeko. Jakina da, bestalde, lan egiteko sosak, gehienetan, udaletxeetatik datozela.
Herri txikien arteko harremana eta sarea bultzatzea oso garrantzitsutzat jo zuten eta are inportanteagoa izango da denborak aurrera jo heinean. Sarea handitzea, osatzea eta gogoetak jarraitzea, beraz, herri txikiek egin beharreko lanak dituzte.