Aizkora Nafarroako Txapelketa
Juanjo Lopezek ez du lortu finala jokatzeko txartela
Nazabal, Donato Larretxea, Rekondo, Antonio Senosiain eta Erasun neurtuko dira Etxarrin, urriaren 7an.
Jon LEUNDA
Juanjo Lopezek eman zuen ezustea herenegun, Uharte-Iruñean jokatu zen Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien kanporaketan, ez baitzuen finalean sartzea lortu. Lezaungoa Nazabalekin eta Larretxearekin batera faborito garbietako bat zen, baina zazpigarren geratu zen, eta ez da Etxarrin arituko.
Urriaren 7an jokatuko den finalerako txartela, berriz, Nazabalek, Donato Larretxeak, Senosiain I.ak, Rekondok eta Erasunek lortu zuten. Kañamares III.ak, aldiz, maila galdu zuen, lehiaketari uko egin zion Juanjo Erdoziarekin batera.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen. Hiru txandatan banatuta aritu ziren lehian, eta Floren Nazabalek egin zuen denborarik onena, bi minutu eta erdiko tartea kendu baitzion Donato Larretxeari, eta txapela lortzeko faborito nagusia zein den argi eta garbi utzi zuen.
Lehiarik handiena bosgarren posturako izan zen, eta Erasunek lortu zuen finalean sartzea. Sei segundo kendu zizkion Lopezi eta 31 segundo Senosiain II.ari. Azkeneko postuan ez geratzeko ere lehia handi samarra espero zen, baina ez zen horrela izan, Kañamares gazteak ezin izan baitzion iaz lortutako mailari eutsi eta alde dezenterekin itxi zuen herenegun arratsaldeko saioko sailkapena.
Bizkaian ere larunbat gauean jokatu zen kanporaketa eta Atutxak irabazi zuen. Bi kana-erdiko, oinbiko bat eta 60 ontzako bat mozten 16 minutu eta 30 segundo pasa zituen. Bere atzetik Mendieta, Zelai, Irazabal, Garita eta Garcia sailkatu ziren, hauek guztiek jokatuko dute urriaren 12an Basaurin izango den finala. Ezusterik handiena Alex Txikonek eman zuen, finalean sartzeko faboritoetako bat zen bera, baina zazpigarren postuan geratu zen, eta ezingo du finala jokatu. Bestetik Bizkaiko Binakako Txapelketa urriaren 8an, arratsaldez, jokatuko da Zallan, eta bikote mordoxka bat izango da bertako saioa jokatzen.