Euskal monetaren egitasmoa urrats praktikoen fasean sartuko da berehala
A.M. | BAIONA
Urtebete proiektua zehazten igaro ostean, 2013ko hasierarako euskal moneta Ipar Euskal Herrian errealitatea izan dadin, urrats praktikoak egiteko fasea heldu da. Irailaren 27an, Robles Arangiz Fundazioko lokalean bertan, arratsaldeko zazpietan egingo duten batzar irekian Euskal Moneta elkartea formalki eratuko dute.
Ekimenaren bultzatzaileek atzo, Baionan, adierazi zutenez, «orain da `euskoaren' sorreran parte hartzeko unea eta horretara gonbidatzen ditugu helburuekin bat datozen guztiak».
Tokiko moneta ekologiko eta solidarioaren helburuak, hain zuzen, jarduera ekonomikoaren zati bat lekuan bertokiratzea da, horretarako zirkuitu laburrei eta bertako ekoizle, merkatari, enpresa eta zerbitzu emaileei lehentasuna emanez. Halaber gizartea eta natura errespetatzen duten dinamikak eta euskara sustatzea ere du xede ekimenak.
Lantaldeak
Sei lantalde eratuko dira zorroztasunez eta gardentasunez proiektua gauzatzeko. Bata zerbitzuak, ekoizpenak edota produktuak eskainiko dituztenen sarea osatzeko eta antolatzeko; bestea erabiltzaileak bilatzeko kanpainaz, lekuko taldeez, elkarteekin harremana izateaz arduratuko da. Hirugarrenak alor logistikoa eta materiala hartuko ditu bere gain; laugarrena finantza eta kontabilitatean arituko da; bosgarrena informatika eta Internet orriaz arduratuko da; eta, azkena, itzulpengintzaz.
Urritik goiti kidetzak egingo dituzte (Lurrama azokan hasiko dira); azaroan elkarte, erakunde eta eragileen arteko elkarlana antolatuko dute; eta abenduan monetaren jaulkipenari ekingo diote, eta sareko enpresa eta denden aurkibidea osatuko dute.