GARA > Idatzia > Kultura

60 DONOSTIA ZINEMALDIA

«Agotez aritzean, arrazakeriaz ari gara, egun ezagutzen duguna bezalakoaz»

p040_f05.jpg

Iñaki Elizalde

Zinema zuzendaria

1994. urtean estreinatu zen zuzendari lanetan nafarra, «Gernika» pelikularekin. Oraingo honetan, Baztaneko txokoetan aspalditik ixilpean gorde den istorio bat berpiztu du zinemagileak. Gaur Zinemaldiko Zabaltegi Bereziak sailaren barnean, 20.45ean, Principe zinemetan ikusi ahal izango da «Baztan». Urriaren 5etik aurrera, gainerako zinema aretoetan izango da ikusgai.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Baztan bailarara agoten gaineko pelikula bat filmatzera doazen aktore batzuen istorioa kontatzen digu lanak, eta bide batez bertakoen bizimodua nolakoa den. Ez da dokumentala, baina egungo eta antzinako errealitateak erraz jaso daitezke.

Agotak Baztango bailaran, bereziki Arizkunen, bizi ziren. Jauntxoak esklaboak bezala tratatzen zituen, eta ahal zuten bezala bizi behar izaten zuten. Gainerako herritarrek uste zuten gaixotasunak ekartzen zituztela eta ez zituzten begi onez ikusten, eta Bozate auzoan baztertu zituzten, eta bertan txistulari eta eskulangile bikain bilakatu ziren. Istorio honen bertsio bat ondo baino hobeto azaltzen du «Baztan» lanak.

Lehenik eta behin, nortzuk ziren agotak eta nondik datoz?

Ez dakigu. Batzuek esaten dute harria eta egurra lantzera etorri zirela, eta lepra garaietan ospitaletan bizi zirela, lo egiteko eta janaria eskuratzeko aukera bakarra hori zutelako, eta orduan Ursuako jaunak Baztanera eraman zituela berarentzat lana egiteko. Beste batzuek, kataroen ondorengoak direla, edo Frantziako Agot ibaiaren inguruan bizi zirela... baina ez dago ezer garbi.

Dokumentazio lan sakona izango da filmaren atzean...

Hasieran bailarako jendearen ahotik entzun genituen XX. mendeko istorioak. Agotek oso ondo jotzen zuten txistua, baina ez zuten dantzatzeko baimenik, ezta beraien artean harremanetan jartzeko ere. Berriro diot, XX. mendean. Batzuk oraindik oroitzen dira harriak botatzen zizkietela.

Hortik aurrera, artxiboetan aurkitutako datuetatik jo genuen, eta bazegoen ere «Agoteak» izena zuen doktorego tesi bat. Horri esker, idazlearen ikuspegitik aurkitu zuena ezagutzeko balio izan zigun. Tesi horren ondorioak guztiz desberdinak dira Pio Barojak bere garaian aurkeztutakoekin alderatuta. Barojak zioen fisikoki desberdinak zirela; belarri-gingila pegatuta, begi urdinak, altuak eta ilehoriak... tesiak horiek guztiak ezeztatu zituen. Inoiz ez da oinarri sendorik egon.

Alderdi historikoa, adibidez, gaztelau bat Ursuako jauntxoaren odolaren garbitasuna frogatzera etorri izana, hori egia da. Hala gertatu zen. Inkisidorearen eta abadearen izenak benetakoak dira, pertsonaia historikoak dira. Udaletxeko artxiboetan ikerkuntza bat aurkitu genuen. Gainerakoa fikzioa da, baina gertaera hori erabiltzen dugu filma kontatzeko.

Aktoreak ez diren baztandarren laguntza ere izan duzue

Deigarria egin zitzaidan parte hartzea erabaki zutenek ez zutela lotsarik. Esan nahi dut, normalean, galderei erantzuten zaudenean, lotsa pixka bat izaten duzula, eta beraiek hasieratik lasai aritu ziren. Erabaki nuen beraiek gidoiaz ezer ez jakitea, grabaketaren aurreko egunera arte buruari bueltarik ez emateko, testuak hartu eta antzezten ez saiatzeko. Grabaketara iristen ziren heinean gauzak sortzen ziren, baina ez aktoreek bezala, horiek aurretik bazuten-eta gidoia.

Horretarako, casting bat egin genuen XVII. mendean girotutako zatirako. Gero, haiek ezagutzean, gidoiaren bigarren parte bat idaztea erabaki genuen beraien bizitzetan oinarrituta.

Eta tartean, Xegone bezalako perlak topatu dituzue!

Xegone da... zer kontatuko dizut? Oso pozik nago guztiekin, Xegone ikusten den bezalakoa da. Pertsonaia guztiak honelakoak dira, filma Baztani buruzkoa delako eta espazio horretan bizi diren pertsonei buruzkoa.

Filmaren «making off» faltsu bat izan al daiteke?

Ez da kamerarik ikusten, dena pentsatuta dago. Baina adibidez, jostunek hitz egiten dutenean edo barre egiten dutenean, naturalki sortutako eszenak dira. Inoiz ez genuen pentsatu hala erakustea, baina ez da gure filma nola egin zen azaltzen duen filma, baizik eta beste film bat nola egin zen erakusten diguna. Agertzen diren jostunek benetan pelikulako jantziak egin zituzten, eta jantzien diseinatzailea gure «Baztan» filmeko diseinatzailea da... eta aktoreek aktoreen papera egiten duten. Zentzu horretan bai, badu benetako asko.

Julio Medemen "Behiak" filmeko benetako protagonistak "Baztan" filmean agertzen dira, euren buruarena egiten, eta agotei buruzko filma egitera itzultzen dira bailarara. Istorioa era zirkularrean al dago egina?

Bai, izan ere, filmaren hasiera eta amaiera berdinak dira. Hasieran egurrezko kutxa batek flotatzen duen edo ez frogatzen ari den gizon bat ageri da, eta filmaren barnean grabatzen duten filma ere hala amaitzen da. Egitura zirkular horrek bailararen itxiera azpimarratzen du. Zirkulu horrek hamar mendeetan zehar agoten historia bailararen barnean mantendu zuen.

Istorioa denboran ez galtzeko egin al duzu filma?

Ideia izan zuten baztandarrek, uste dut, gai honi buruz hitz egin nahi zutela, agotak ez direnek ere bai. Orain arte egin diren gauzak sentsazionalistak izan dira. Jende desberdinari buruz hitz egiten dute. Orain badakizu nortzuk ziren agotak eta dena espazio jakin batean gertatu zela, eta hori bertan geldituko da betiko.

Garai batean baztertu egiten zituzten agotak; egun, harro egoteko moduko zerbait al da beraientzat?

Nik uste dut baietz. Ezin zuten lurren jabe izan, ez ezer, eta horrek eskuekin egin ahal zuten guztia garatu zuten. Hainbeste, ezen artista bilakatu ziren. Eta uste dut hori pelikulan ikusten dela.

Zein erreakzio espero duzu Euskal Herritik kanpo?

Niri gai honetatik gehien erakarri ninduena izan zen gai unibertsala dela. Agotei buruz ari gara, baina finean arrazakeriaz ari gara, egun ezagutzen duguna bezalakoa eta, tamalez, etorkizunean ezagutuko duguna bezalakoa.

Beraz, uste dut kanpotarrek ere nahiko dutela istorioari buruz gauzak ezagutu, giza-giro berezi batean gertatzen delako. Koreako istorio bat ikusten baduzu, seguruenik harritu egingo zara ez duzulako ezagutzen. Nik uste dut interesgarria suertatuko dela.

Baztan protagonista eta agotak aitzakia dituen filma

Filma aurkeztu baino ordu batzuk lehenago, Alderdi Ederren «Baztan» filmari eskainitako erakusketa bat antolatu zuten filmean erabilitako makillaje eta jantziekin. Bertan egin zuten aurkezpena pelikulan parte hartu duten aktoreek eta zuzendariak. Horien artean, Kandigo Uranga (alkatea) eta Unax Ugalde (agota) izan ziren, filmaren gaineko xehetasunak ematen.

Filmeko protagonistak nortzuk diren esatea ez da batere erraza, pertsonaia guztien pisua orekatua delako, baina Unax Ugaldek argi dauka nor den protagonista: «Bailara bera da». Kandido Urangak ere hori bera nabarmendu zuen esanez agoten istorioa Baztani buruz aritzeko aitzakia besterik ez dela. Era berean, beraiekin lan egin duen lantaldearen lana txalotu zuen eta filmean parte hartu izanaz harro azaldu zen. Uranga Julio Medemen «Behiak» filmeko protagonistetako bat izan zen, Txema Blasco eta Carmelo Gomez aktoreekin batera. Horiek ere «Baztan» lanean parte hartu dute, hurrenez hurren, abadearen eta inkisidorearen rolak jokatuz. Gainera, Michel Gaztanbide gidoilariak bi filmetan parte hartu du. «Bitxia da. Ez dakigu bizitzak zer ekarriko digun. Esker mila», adierazi zuen, Iñaki Elizalderi zuzenduz.

Bestalde, Urangak azpimarratu zuen «Baztan» pelikula bat dela eta ez ikerketa antropologiko bat. Unax Ugaldek, ordea, uste du filmari esker baztandarrek ixilpean izan duen horri buruz hitz egiteko aukera izango dutela eta onuragarria izango dela.

Filmazioari buruz aktoreak azaldu zuen oso konplexua izan zela. Alde batetik, agotei buruz ez zekiela ezer aitortu zuen, eta Interneten begiratzeari ekin ziola. Gainera, grabaketa hasi baino lehen bailarara joan zen jendearekin hitz egiteko.

Filmean aktore gehienek bi pertsonaien lekua hartzen dute gutxienez, aktoreen kasuan euren buruaren papera ere jokatu dute. «Inoiz egin dudan pertsonaiarik zailena neure burua izan da -adierazi zuen barrez-; niretzat zatirik interesgarriena agotena izan da».

Hain zuzen ere, aktoreen zein herritarren eguneroko bizitza islatzen duen filmaren zatiak gidoia osatzen lan handia du atzean. «Denbora asko eman genuen gidoia idazten, gidoi bat dagoela ez nabaritzeko», adierazi zuen Iñaki Elizaldek. Zuzendariaren iritziz, ezin izango lukete lortu duten emaitza lortu baztandarrek eskainitako laguntza eta inplikaziorik gabe. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo