GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH JAIETAN | ARETXABALETA

Sanmigelak Aretxabaletan: giro, jaki eta jantzi, baserri-egun totala

Ikurrinak balkoietan, ohiko baserritar jantziak soinean, kanta, dantza, musika, herri-kirol eta beste, giro euskaldun eta herritarrez blai heldu dira aurtengo sanmigelak. «Atxabaltarren» jai kuttunak, bertaratuko direnentzat atseginak, parranda ederto bermatzen dutenak. Garai latzotan ere, sanmigelak izan daitezela «atxabaltarren» ametsen neurrikoak!

p018_f02.jpg

Mañel LARENA |

Iraileko azken larunbatean, 1989. urtean, usadiozko ezkontza egin zen Aretxabaletan; hurrengo urtean, usadiozko bataioa. Apurka-apurka, baina, arratsaldeko jaia zena baserri-egun konpleto legez finkatzen joan da. Eta egun, herriko kuadrillak, okasiorako baserritarrez dotore jantzita, herriguneko kaleak hartuz erromeria giroan barnatzen dira. Eta kantak, jakiak, musika, dantzak, azoka, herri-kirolak... giro euskaldun eta jatorra osatuko dute, «atxabaltarren» eta bertaratuko direnen gozamenerako.

Goizeko hamarretan txistularien dianak eta emakume taldeak irekiko duen talo txosnaren usain eta zaporeek hasiera emango diote ekintzaz lepo datorren zapatuari. Musika eskolako trikitilariek, txalaparta emanaldiek eta Simon Otxandategi taldeko joaldunek, herrigunean gora eta behera ibiliko dira bazterrak girotuz, festara batzeko gonbita zabalduz. Goiz osoan zehar, bestalde, hamazortzigarren urtez artisau eta nekazaritza ekologikoaren feria izango da, eskapadatxo bat egin, mokadu gozo bat jo eta, are, erosketatxo batzuk egiteko aukeran.

Herri bazkaria frontoian

Herrira elkarteak antolaturik, eta jaietan denok ez gaudela gogoan atxikiz, preso eta iheslarien herriratzea aldarri, herri bazkarirako tartea izango da gero. Goizeko ibilerak, tragoxkak eta mokaduak apur bat sosegatu eta patxada ederrean herritarrekin bazkaltzeko tartea izango da. Frontoian estalpeturik, bazkalaostean Duo Deno taldearen emanaldiak bermaturik, ziur giro herritar eta alai batek aseko dituela bertaratutakoak.

Bazkalosteak luze joko duen konbentzimenduaz, arratsaldeko zazpietan larrain-dantza egingo dute Durana kalean. Eta gauari eskutik oratuta, diskofesta izango da herriko plazan, DJon-en eskutik. Gauez bertaratzen direnentzat, baserritarrez jantzitako jende piloa, umore oneko txinparta puntuarekin asko eta asko, parranda polit bat egiteko proposamen kitzikagarria izango da. Eta are, Aretxabaleta utzi eta inguruko herrietara bueltan autoa hartuta joan nahi dutenentzat borondatezko alkoholemia kontrola egiteko aukera jarri dute, alkohola gehiago ala gutxiago edan, eskertzekoa den egitasmoa, oso gomendagarria Debagoieneko eskualdean dabilen kontrol izurria kontuan hartuta.

Herri-kirol erakustaldi bitxia

Herriko gaiteroek diana jo ondoren, domeka eguerdiko ordu baterako herri kirol erakustaldi bitxia antolatu da herriko plazan. Lehen atalean, aizkolariak arituko dira abiadura proban, zutika, esku bakarrarekin eta kolpeka; gero, Iparraldeko jokoak, lasto eta ingude jasotze, lasto jaurtiketa eta atxurrarekin; eta ondoren, Landarbide harrijasotzaileak harri baldarrarekin, kubikoarekin, errektangularrarekin eta bolarekin ekingo dio lanari. Bigarren atalean, Hodei Ezpeleta 12 urteko aizkolariaren txanda izango da. Hirugarrenean, bi hirukoteren arteko aizkora norgehiagoka etorriko da eta azken atalean, bukatzeko, moto-zerrarekin irudi bat egingo da.

Bazkalostean, lo-kuluxka txikia egiteko tentazioari eusten diotenak eta, oro har, musean jokatzen gozatzen dutenak XX. San Migel Txapelketara batu daitezke herriko plazan.

Aurtengo sanmigelei akabera emateko, Leizarra musika eskolaren 26. urteurrenaren karietara, kantarako eta dantzarako aukera izango da, Aretxabaletako abesbatzak propio prestaturiko Mikel Deunaren kontzertuaz gozatuz. Herriko dantza eta txistu taldeak, euskara elkarteak, abesbatzak, musika eskolak, argazki eta xake taldeek lagunduta, herritarrek girotu eta gozatu dituzten jaiek agur esango dute horrenbestez. Aurten ere, beste behin, «atxabaltarren» artean zapore ona eta aztarna sakona utziz.

Ondo pasa, bada, sanmigelak. Zoriontasunaren eztanda frenetikoak bete-betean harrapa ditzala Aretxabaletako eta gainerako tokietako jende oro!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo