Mikel Jauregi Kazetaria
Ez dut ezer esan nahi eta ezin isilik egon
Izan ditzakeen ondorioen beldurrez, pertsona batek bere egiazko iritzia ematen ez duenean; edota, oro har, ondorioen beldurrez, pertsona batek askatasun pertsonalari uko egiten dionean. Orduan egiten da errealitate autozentsura; hala dio behintzat entziklopediak. Gehiago ere esaten du: «Sentimendu horiek adierazi ezin izatean, gorroto edo indarkeria modura ager daitezke gero norberaren edota gainerakoen kontra; hori da autozentsuraren arriskurik handiena».
Kasualitatez, gaur bertan [atzo zuretzat, irakurle] horren gaineko mezua idatzi du Twitterren Iñaki Errazkin kazetari eta idazleak: «Beti esan izan dut pentsatzen dudana, aurpegia emanez, eta ez dut neure burua zentsuratzen, gogoak ematen ez didalako». Lanbide honetan kasik jarrera eskuragaitza iruditzen zaidan heinean, inbidia (ez dakit den sanoa edo den kaltegarria) ere eman dit.
Egun batzuk baneramatzan buruari jira eta bira, txoko honetan idatzi nahi nuen horrekin tematuta. Argi neukan adierazi nahi nuena; argi neuzkan erabili nahi nituen hitz eta adierazpideak; argi neukan, beraz, zer eta nola. Baina tonurik ezin aurkitu. Hori dute barru-barrutik heltzen dizuten auziek, erraiak sutan jartzen dizkizuten gaiek. Eta minik eragin nahi ez izate horrek beldurra dakar berekin, koldarkeria.
«Ez dut ezer esan nahi, ez dut esan nahi ezer/ ezin isilik egon, isilik egon ezin», kantatzen zuen Bap! taldeak. Bada, isilik geratu nahiko ez lukeen honek ezer ez esatea erabaki du aste honetan. Alegia, autozentsura egin dudala. Inoiz egin ez dudan tamainan. Koldarkeriagatik, eta joko arau jakin batzuen barruan jokatzen jarraitu nahi izateagatik. Labur esanda, eta gordin: egunak joan egunak etorri buruan, behin eta berriz, erredaktatu dudan artikulua ordenagailu aurrean eseri eta idazteko potrorik izan ez dudalako.
Egun batzuk pasatutakoan barkatuko diot neure buruari, ia seguru. Distantzia jartzeak mirakuluak egiten baititu, beti ere gainerakoek norberari distantzia hori hartzen uzten badiote. Eta barkatuko al dit lerrootaraino iritsi den irakurle horrek ezer esan ez diodalako; edo esan diot zerbait?