GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Nabarmentzeko keinuak Zarauzko hilerrian

Besteak beste, Angel Otaegiren eta Jon Paredes Txikiren oroimen ekitaldia egin zuten Zarauzko hilerrian atzo, Gudari Egunaren karietara. Urtero oroitzen dituzte bi euskal militanteok, fusilatu zituzteneko urteurreneko egunean -aurten, 37.a- baina ekitaldi horrek oztopo ugari topatu izan ditu. Urrunera gabe, 2009an Lakuako Gobernuak debekatu eta omenduen hurkoak bultzaka aterarazi zituen hilerritik. Atzo, ordea, Gobernu horrek berak ordezkaritza bidali zuen ekitaldira. Maixabel Lasa Biktimen Arretarako zuzendariak eta Ines Ibañez de Maeztu Giza Eskubideen alorreko zuzendariak osatu zuten hori, eta Bildu, Aralar, EAJ eta PSEko zenbait alkate eta zinegotzi ere joan ziren. Batzuen ustez, biktima batzuen oroimena beste batzuena ukatu eta debekatzeko motiboa den bitartean, biktimen gaia tresna politiko gisa erabiltzen duten bitartean, beste batzuk, hala instituzioetako zenbait arduradun nola biktima mota desberdinen zenbait senitarteko, bestelako jarrera erakusten ari dira. Lehenik, errespetuzkoa, norberaren minetik bestearena ere aitortuz. Keinuok ez dira inongo jarrera politikoren adierazle; bai, aldiz, herri honen bizikidetzarako oso baliagarri eta garrantzitsuak. Keinu txikiak dira, baina nabarmentzeko modukoak, bide arrazionala seinalatzen baitute, eta batzuen eta besteen sufrimenduaren bidea baztertzearen aldekoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo