EH JAIETAN | oñati
Festen aitzakiarekin, udak ez dio udazkenari lekua utzi nahi Oñatin
Udan pilatzen dira Euskal Herriko festa gehienak, baina oraindik badago urtaro beroena luzatzeko aukera duenik, Oñati kasu. Modu bikoitzean egingo du gainera, gaur abiatuko diren sanmielei hurrengo asteburuko Herri Eguna eta Errosaixo Eguna erantsi behar baitzaizkie. Berritasunen artean, Galtzontzillo eta Kulero Lasterketa. Originaltasunaren saria eskuratu nahi duenak lotsa alboratu beharko du.
GARA |
Egutegiak udazkena dela adierazten duen arren, iraileko giro epela nahikoa ari da luzatzen eta hondartza eta oporren urtaroak oraindik alde egin ez duela dirudi. Edo askok behintzat hala sinistu nahi dute; alegia, izpiak oraindik luzerako bidelagun ditugula. Baina errealitatea bestelakoa da; izan ere, urtaroak luzatzeko eta beste batzuen etorrera atzeratzeko gaitasuna duen makinarik inork ez baitu asmatu. Bada albiste onik, ordea, zeren asmatzen den bitartean oraindik badago han edo hemen herriko festaren bat, nork daki, urtaro beroenaren hasieran jaio zen maitasun istorio bati jarraipena emateko edo has daitekeen beste bati ateak irekitzeko.
Horretarako eta beste hamaika dibertimendurako aukera izango da Oñatin, hastear den asteburu honetan, bai eta hurrengoan ere, urriaren lehenengo igandean ospatzen baita Errosaixo Eguna; eta aurten, urriaren 7an izango da. Bezperan, Herri Eguna ospatuko dute; beraz, festaz betetako bi asteburu izango dira jarraian.
Egutegiak agintzen du berriro, eta banaketa honek, Manu Egaña Kultura zinegotziaren aburuz, bi eragin zuzen izango ditu. Batetik, oñatiarrak herrian bertan gelditzera animatuko ditu; izan ere, beste urte batzuetan sanmielak eta Errosaixo aste berean izan direnean -egutegiak hala aginduta beti ere-, astebeteko jaia aprobetxatuta herritar askok kanpora joateko hautua egin izan dutelako.
Bigarren ondorioa, berriz, kanpotik Oñatira gerturatu nahi dutenen ingurukoa; izan ere, hauek aukera bikoitza izango dute festarako: batean ezin badute, hurrengoan ahalegindu daitezke. Eta parrandazaleenak, betiko legez, bitan gerturatuko dira.
Beraz, uda dirudiela, batetik, eta jaiak hasiko direla, bestetik, edaria ez da faltako 20.00etatik aurrera, txupinazoan, Txantxikuaren jaitsieran. Jarraian, eta likidoaz gain, sabela jatekoaz betetzea ere komeni denez, txosnagunean pintxo dastaketa egongo da, eskuz esku ibiliko diren sagardo, xanpain eta ardo botilei laguntzeko.
Elkarlanaren garrantzia
Udalak antolatutako programaz gain, Txosna Batzordeak ere gogoz antolatu ditu beste ekintza batzuk, eta programa batek bestea «zapaldu» ez dezan, elkarlana ezinbestekoa dela uste du Egañak, era horretan ziurtatzen baita eguna ekintzekin betetzea; hau da, hutsunerik ez egotea.
Programa ofizialean alternatiboko ekintza batzuk ere txertatu dira -elkarlanaren seinale-, Galtzontzillo eta Kulero Lasterketa, kasu, baina horren inguruan aurrerago mintzatuko gara.
Aurten, Txosna Batzordean inoiz baino jende gehiago elkartu da lanerako prest: guztira hamar kolektibo. Besteak beste, Herrira, Gazte Asanblada, Emakume Asanblada eta Fan Hemendik batzordea. Gainera, gaur bertan 26 de Julio kolektibo kubatarrak hartuko du parte txosnagunean euren kultura ezagutarazteko.
Antolakuntza lanetan inplikatzeaz gain, parte-hartzeko orduan ere ez dute zalantzarik. Eta testuinguru honetan kokatzen da, hain justu, danborrada nagusian parte hartzeko konpainia sortzeko erabakia; orotara 240 oñatiar animatu dira lehen aldiz, batzordeko Iñigo Guridik azaldu duenez. Oñatiko musika bandak lagunduta, danborradako hamar konpainiak 23.00etan abiatuko dira.
Danborrada amaitutakoan, «Euskal preso eta iheslariak Herrira» lelopean manifestazioa abiatuko da, gaur hilabeteko azken ostirala izanik euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapenak indartu egingo baitira. Manifestazioaz gain, txupinazoaren aurretik Herrirak elkarretaratzea deitu du plazan.
Parrandan ateratzeko, arropa erosoak eta edarien zipriztinak ondo jasango dituen kamiseta eta galtzak janztea garrantzitsua da, baina kanpoko itxuraz harago, aurten arreta jarri beharko zaio barruko arropari; bihar, 7.00etan, Galtzontzillo eta Kulero Lasterketan parte hartuko dutenek, behinik behin. Txantxa arteko proposamena azkenean aurrera atera da, eta hori gutxi balitz, Udalak bere programan iragarri du. Guridik aipatu duenez, bi sari egongo dira: bata, lasterketa irabazten duenarentzat, eta bestea, kulero edo galtzontzillo originalenak dituenarentzat. Gustuen inguruan arrazoia ez denez inorena, honetan ere hamaika gustu daudela ikusiko da, ziur.
Baloiarekin jolasean, herriko ume askok egin dute salto Lazarraga Jauregiko hesiaren gainetik, jostailuak ihes egin ostean. Bertako lorategiari misterioa dario betidanik, jabetza pribatukoa den jauregiak ateak beti itxita izan dituelako. Etxe barrura ez, baina publikoak lorategira sartzeko aukera izango du bihar aurrenekoz. Izan ere, Oñatiko Udal Musika Bandak bertan eskainiko du kontzertua, eguerdiko ordu batean. GARA