GARA > Idatzia > Kultura

60 DONOSTIA ZINEMALDIA

Alejandro Awada bizitza alaiago baten bila doa Patagoniara

Arrantzara doala aitzakia hartuta, alabarekin galdutako harremana berreskuratu nahi duen pertsonaia maitakor baten azalean jarri da Alejando Awada aktorea. Film labur eta ikusteko erraza da «Días de pesca» argentinarra, Patagoniako eremu ederretan filmatu badute ere, paisaian baino pertsonaien keinu, begirada eta sentimenduetan mamia duena. Sail Ofizialeko filmik laburrena dugu, konplexutasunik gabeko istorio ulerterraza kontatzen diguna.

p044_f02.jpg

Nagore BELASTEGI |

Carlos Sorin zuzendari argentinarrak istorio atsegin eta ikusteko erraza osatu du, argumentu konplexutik eta aldaketa bortitzetatik urrun. Horrek ez du esan nahi «Días de pesca» filma, Sail Ofizialean parte hartzen duena, sinplea denik, detaile txikiz beterik baitago.

Filmaren aurkezpenean zuzendariarekin batera Alejandro Awada aktorea izan zen, Marco Tucci pertsonaiari bizia ematen diona. Marco alkoholismo arazoak izan dituen 50 urte inguruko gizon bat da. Terapian izan ondoren bere bizitza aldatu nahi du eta Patagoniara abiatuko da arrantzara, medikuak hobby bat bilatzeko esan diolako. Arrantzaren aitzakiarekin alabarekin galdutako harremana berreskuratu nahi du, bertan bizi baita.

«Marco hondoratu egin zen eta nolabait bere bizitza mingarria ederragoa bilakatu nahi du. Bere buruarekin adiskidetu nahi du eta besteengandik maitasuna lortu. Marcori gero zer gertatzen zaion ez dakit, baina espero dut bizitza polit bat izateko aukera izatea», adierazi zuen Awadak bere pertsonaiari buruz.

Pelikulan Awadak aktoreak ez ziren beste pertsona batzuekin egin du lan. Hala, filmean ageri diren aktore gehienek ez dute aurretik antzezpenik egin eta horrek kamera aurrean eskarmenturik ez duten pertsonekin lanean aritzeko zailtasuna dakar. Hala ere, Sorinek protagonistaren lana txalotu zuen, esanez aktore profesionalak ez direnek freskotasuna dutela baina antzezten ari direnean nabaritu egiten zaiela, eta horregatik beharrezkoa dela alboan pazientzia handiko aktore eskuzabal bat izatea, esperientzia gabekoei laguntzeko eta bere antzezpena apalagoa izateko.

Begiradarekin hitz egin

Awandaren pertsonaiak asko hitz egiten du keinuekin. «Isiltasunak hitzak baino adierazgarriagoak dira askotan, hitzak anbiguoak izan daitezkeelako -azaldu zuen Sorinek-; esan nahi diren gauzak esateko begirada aparta duen aktorea da Alejandro».

Era berean, aktoreak aitortu zuen Sorinen filmografia osoa ikusi duela eta gidoia jaso bezain laster enpatia handia sentitu zuela. Filmaketan zuzendariak lagundu zion «une bakoitzean jo behar zuen nota jotzen» filmean ikus daitekeen emaitzara heltzeko.

Izan ere, zuzendariak berebiziko garrantzia ematen die begiradei. Berarentzat paisaia gehigarri bat besterik ez da, baliabide bisual bat, eta «Patagonia arrisku bat da» horregatik, dekoraziozko film bat egiteko tentazioa egon daitekeelako. Beraz, «Días de pesca» pelikulako mamia zein den argi dauka: «Gauzak aldatu daitezke, bizitzako egoerak, baina aita eta alaba baten arteko harremana ez da aldatzen».

Lanaren iraupenak ere atentzioa eman zuen, ez baita luzea -80 minutu besterik ez ditu eta Sail Ofizialeko laburrena da-. Sorinek honen harira aipatu zuen bere filmak ipuinetatik gertuago daudela nobeletatik baino. «Niretzat pentsaezina da 110 minutuko film bat egitea, kosta egiten zait 80 minutura iristea. Batzuetan, kreditu luzeak jartzen ditut iristeko», esan zuen barrez.

Umoreaz gain, urduritasuna ere ekarri zuen Donostiara. «Honelako jaialdiak nork bere burua agertzeko leiho bat dira, eta egia da aurretik izan naizela, baina urduri jartzen jarraitzen dut. Pelikula bakoitza unibertso bat da. Erabiltzen dudan irizpidea da interesgarriak suertatzen zaizkidan gaiei buruzko filmak egitea. Niri interesatzen bazait, agian publikoari ere bai. Niri interesatzen ez bazait, orduan ziur nago ez zaiola inori interesatuko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo