GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Munduko surflari onenak Hossegorren dira lehian

Aste honetan amaituko da Hossegorren egiten ari diren WCTko txapelketa.

p050_f04.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Munduko 36 lehiakide onenak Hossegorren dira. Goi mailako itzulia osatzen duten hamar txapelketetatik zazpigarrena da. Pasa den irailaren 28an hasi zen txapelketa eta itsasoko baldintzak ahalik eta egokienak diren egunean amaitzekotan dira antolatzaileak. Dena dela, gehienez urriaren zortzia bitartean luza daiteke txapelketa.

Ostegun goizean olatuak ez ziren oso handiak, baina tubo ederrak zeuden Hossegorreko La Graviere hondartzan, eta txapelketa hastea erabaki zuten antolatzaileek.

Gauzak honela, lehen errondako zenbait txanda egin zituzten. Lehiakideek tubo politak egin ahal izan zituzten metro bateko olatu garden eta ederretan, eta ikuskizun polita izan zen, baina ez zen leku honetan izaten den ohiko ikuskizun bortitza izan.

Dirudienez, ondorengo egunetan izan daitezkeen itsaski handiagoei begira daude lehiakideak, Hossegor olatu indartsuak dituen lekua baita. Batzuetan, iaz bezala, baldintzak muturrekoak izaten dira. Horrelakoetan, edozer gauza gerta daiteke.

Egun Mick Fanning australiarra da munduko ranking orokorrean buru. Bere atzetik, bigarren postuan, Joel Parkinson, australiarra hau ere. Eta hirugarren postuan Kelly Slater amerikarra.

Iaz txapelketa hau irabazi zuen lehiakidea, Gabriel Medina gazte brasildarra, egun ranking orokorrean hamabigarren postuan aurkitzen da.

Faboritoen artean, nagusiak, ranking orokorrean lehen hiru postuetan diren lehiakideak aurkitzen dira. Lehenik, Mick Fanning, 2007an, 2009an eta 2010ean berak irabazi zuen Hossegorreko txapelketa.

Joel Parkinsonek 2006an bakarrik irabazi zuen txapelketa hau, baina jarraitzaile asko ditu.

Eta azkenik Kelly Slater, txapelketa hau hiru urtez jarraian (2003, 2004, 2005) irabazi zuen, Andy Irons zenduaren arerio nagusia zena.

Itsaskia izango da aste honetan, olatu indartsuak izango dira. Beraz, gerturatu nahi duenak ikuskizun ziurra izango du.

ISABELA SOUSA

2009an mundu mailako zirkuituan laugarren postuan geratu zen. 2010ean munduko titulua lortu zuen. Iaz munduko itzulia bigarren postuan amaitu zuen, eta aurten, munduko titulua eskuratu du.

EUNATE AGUIRRE

Sopelarrak betetzen du rankingeko bigarren postua, beraz Puerto Ricon izango den itzuliko azken txapelketa erabakigarria izango da, azken emaitza horren araberako postua lortuko baitu sailkapenean.