GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Munduko bodyboard itzulia Mutilak Mexikon lehian, eta nesken munduko irabazlea, Isabela Sousa

Mutilen munduko bodyboard txapelketa egiten ari dira egunotan Mexikon, Zicatelako hondartzan. Itzuliko seigarren proban parte hartzen ari da Alex Uranga zumaiarra. Bitartean, nesken munduko txapelduna nor den erabaki berri dute Venezuelan. Isabela Sousa brasildarra da 2012ko nesken munduko txapelduna. Eunate Aguirre sopelarra sailkapen nagusiko bigarren postuan dago egun.

p050_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Munduko bodyboard itzuliak puri-purian dira. Nesken itzulia amaitzeko txapelketa bakarra falta denean, jada badakigu titulua nork eskuratu duen, eta orain, azken txapelketa batean, gainerako lehiakideen postuak erabakiko dira.

Mutilen kasuan, berriz, munduko itzulia osatzen duten zortzi txapelketetatik seigarrena egiten ari dira Mexikon, Zicatelako olatu indartsuetan. Txapelketa honen ostean, aurtengo titulua eskuratzeko aukera gehien dituzten lehiakideak zeintzuk izan daitezkeen jakin ahal izango da.

Isabela Sousa da 2012ko nesken munduko bodyboard txapelduna. Aurtengo itzulia oraindik amaitu ez denean lortu du titulu mundiala brasildarrak. Izan ere, itzulia amaitzeko oraindik txapelketa bat egitea falta da, Puerto Ricon, Middles Beachen izeneko hondartzan egin behar dutena, hain zuzen ere.

Txapelketa hau azaroaren 2 eta 13 bitartean izango da eta bertan lehiakideek lortzen dituzten emaitzen arabera, 2012ko goi mailako nesken bodyboard rankinga erabakiko da. Lehen postua nork eskuratu duen argi badago ere, gainerako postuak kolokan daude oraindik, eta hurrengo urteari begira, lehiakide bakoitzak ahalik eta emaitza onenak biltzea garrantzitsua da. Azken txapelketan lortutako emaitzak beraz, erabakigarriak izango dira.

Irailaren 23an Venezuelan egin zen azken txapelketa irabazi ostean lortu zuen Sousak munduko titulua; izan ere, ordura arte bildutako puntuak kontuan hartuta, beste lehiakiderik ez zegoen zirkuituan gainerako txapelketak irabazita ere berak zuen puntu kopurua gaindi zezakeena.

Aurrez, ordea, Rio de Janeiroko txapelketa irabazi zuen, eta txapela jaso ostean esan zituen hitzek erakusten duten moduan, etxean lortutako garaipenak sekulako indarra eman zion: «Brasilen irabazi izanak asko poztu nau. Oso kontent nago. Nire bizitzako momenturik onenetako bat dela esan dezaket. Copacabana leku oso berezia da. Hondartza jendez beteta, eta guztiak ni animatzen ikustea, zoragarria izan da. Orain, aurtengo titulu mundiala eskuratzeko oso motibatua nago».

Rio de Janeiron, nesken bodyboardaren historian inoiz eskaini den saririk handiena izan zen. 75.000 dolar zeuden saritan eta Sousak 6.000 dolar irabazi zituen.

Aurtengo itzuliko lehen bi txapelketak ere berak irabazi zituen. Lehena, Pipelinen egin zena, jarraian, Reunion uharteetan egin behar zutena bertan behera geratu zen, eta horren ostean, Australian, Port Macquarieko olatuetan, bigarren txapela eskuratu zuen.

Hogeita hiru urteko brasildar gazte honek, bederatzi urte bakarrik daramatza bodyboard egiten, eta azken lau urteetan sekulako emaitzak lortu ditu.

2009an mundu mailako zirkuituan laugarren postuan geratu zen. 2010ean munduko titulua eskuratu zuen. Iaz munduko itzulia bigarren postuan amaitu zuen, Eunate Aguirre txapeldunaren atzetik. Eta aurten, bigarren aldiz munduko titulua eskuratu du. Emaitza ikusgarriak dira.

Gauzak honela, egun Eunate Aguirre sopelarrak betetzen du rankingeko bigarren postua, beraz Puerto Ricon izango den itzuliko azken txapelketa erabakigarria izango da, azken emaitza horren araberako postua lortuko baitu sailkapen nagusian.

Eunatek ez zuen zorte handirik izan itzuliko lehen proban, hamahirugarren postuan geratu baitzen. Australian hirugarren postua eskuratu eta indarra hartu zuen, eta hurrengo bi txapelketetan finalean izan zen, bietan bigarren postua eskuratu ahal izan zuelarik.

Egun bi lehiakide brasildar ditu Eunatek puntuetan nahiko gertu, Maylla Venturin eta Karla Costa-Taylor.

Bi lehiakide hauek oso gertutik jarraitzen diote sopelarrari, eta ez diote arnasa hartzen utziko; beraz, besteen emaitza txarrak bakarrik ez, Eunatek berak ere emaitza onak lortzea ezinbestekoa izango du, aurtengo itzulia bigarren postuan amaitu nahi badu behintzat. Gainera, aurten bildu dituen emaitzei esker, hurrengo urtean ere goi mailako itzulia osatzen duten hamar nesken multzoan izateko aukera izango du.

Mutilei dagokienean berriz, Mexikon egiten ari dira munduko txapelketa. Goi mailako itzulia osatzen duten 24 lehiakideak Zicatelako olatu beldurgarrietan lehian ari dira.

Aste honetan bertan erabakiko da beraz, itzuliko seigarren txapelketa. Eta honen ostean, beste bi txapelketa baino ez dira izango 2012ko zirkuitua amaitzeko, bata Puerto Ricon eta bestea Kanaria uharteetan.

Gauzak honela, Alex Uranga zumaiarra egun hamabigarren postuan da eta urtea amaitzerako lehen hamar lehiakideen artean egon daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo