Harri-jasotzea
Unai Bertizek inongo arazorik gabe eutsi dio Nafarroako txapelari
J.L.
Ez zen inongo ezusterik izan, eta Unai Bertizek irabazi zuen herenegun Igantzin jokatu zen Nafarroako Txapelketa. Bost harri-jasotzaile lehiatu ziren, eta bakoitzak 125 kiloko zilindroa, 112,5eko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen. Lanerako, berriz, bakoitzarekin bi minutuko txanda bana izan zuten. Jendeak erantzun bikaina eman zuen, Igantziko pilotalekua leporaino bete baitzen finala ikusteko.
Bertizek 22 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 14 kubikoari, eta 18 bolari. Guztira 54 jasoaldi lortu zituen Sunbillako kirolariak, eta hori nahikoa izan zuen Nafarroako txapelari eusteko.
Urrutia ikusten zen Bertizen aurkaririk gogorrena, eta horrelaxe izan zen, berak lortu baitzuen bigarren postua, nahiz eta ez zuen txapelduna gehiegi estutzeko modurik izan. Urrutiak 21 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 13 kubikoari, eta 15 bolari. Guztira 49 jasoaldi eman zituen Urrutiak.
Ariztegik eskuratu zuen hirugarren postua, eta lan ona egin zuen berak ere. 19 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 13 kubikoari eta 15 bolari; Urrutiak emandako adina eman zizkien azken bi harriei. Guztira 47 jasoaldi lortu zituen, eta Urrutiarengandik oso gertu geratu zen, bi jasoaldira, zilindroarekin bakarrik izan baitzen gehiago leitzarra.
Oiarbide sailkatu zen laugarren. Bera zen finaleko gazteena, eta ezin esan lan txarra egin zuenik. 16 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 12 kubikoari, eta beste horrenbeste bolari. Guztira 40 jasoaldi lortu zituen Sakanakoak.
Azkena, berriz, Igoa sailkatu zen. Berak, 15 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 10 kubikoari eta 11 bolari. Guztira 36 jasoaldi lortu zituen, eta berak itxi zuen Nafarroako Txapelketako sailkapena.