Georgia: diktadorea eta artximilionarioa lehian
Gaur izango dira Georgian legebiltzarrerako hauteskundeak. Mikhail Saakashvili, egungo presidentea, eta Bidzina Ivanishvili artximilionarioaren artean hautatu beharko dute georgiarrek. Ameriketako Estatu Batuetako eta Errusiako «txotxongiloen» artean, elkarri egin dizkioten irainei jaramon eginez gero. Saakashviliri sarritan egotzi diote diktadore baten antzera herrialde osoa familia-negozio bailitzan gobernatzea, diru garbiketa, ustelkeria eta torturaren erreinu pribatu bat sortzea, boterea makilakadaka egiten den ariketa bezala praktikatzea. Ivanishvili Georgiako aurrekontu osoan biltzen dena baino diru gehiagoren jabea da «Forbes» aldizkariaren arabera, eta dirutza hori Errusian irabazi duela jakina da. Eta ezin ahantzi Errusiak 2008ko bost eguneko gerran Georgia menderatu zuela eta etsaitasuna eta trauma oraindik ere oso presente daudela. Hartara, ukaezina dirudi Kaukasoko herrialde horretako herritarrez gain, nazioarteko potentzien esku luzeak zeresana izango duela, are Georgia Kaspiar itsasoko petrolio eta gasaren igarobide saihetsezina den honetan.
Saakashviliren moduak eta formak eta Bielorrusiako Lukashenko presidentearenak antzekoak dira. Hori bai, ingeles perfektu bat hitz egiten du eta AEBetako produktu bat da. Diktadore eta artximilionario baten arteko lehia izango da, beraz. Lehen aldiz, baina, aldaketa gauzagarria da.