URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK
Kontseilua: «Erroko aldaketa egiteko unea da»
Mikel PASTOR | BILBO
«Euskararen normalizazio prozesuan eman beharreko erroko aldaketa egiteko une ezin aproposagoa da hau». Horren argi eta zuzen agertu ziren atzo Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko zuzendaritzako kideak, euskarak normalizazio egoera lortzeko zer-nolako neurriak behar dituen hauteskundeetara aurkezten diren alderdiei helarazteko egindako prentsaurrekoan.
Kontseiluak hamarkada oso batean «hizkuntza politikak jaso beharko lukeen edukiaren proposamena» eskaini zien atzo indar politiko guztiei. Paul Bilbaok eta Oskar Elizburuk azaldu bezala, hauteskunde egitarauak aztertu eta gero, «proposamen zehatzak» luzatu dizkiete alderdiei, hauek euren programetan sartu ahal izateko.
Arlo anitzeko aldaketa
Erakundearen zuzendaritza taldeak hizkuntza politika berria eskatu zien alderdi politikoei, arlo guztietan eragina izango lukeena. Planteamendu hauek bost puntu nagusitan banatu zituzten, «hauek beren artean erlazio zuzena dutelarik, prozesu orokor batean gauzatu beharko liratekeelako».
Lehendabizikoa ezagutzarekin lotu zuen Elizburuk. «Hezkuntza politikak bi ardatz nagusi izan behar ditu: ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea». Unibertsalizazio horretarako, «familia bidezko transmisioa, euskararen irakaskuntza eta helduen euskalduntze-alfabetatzea indartzea» ezinbestekotzat jo zituen Kontseiluak.
Bigarren ardatza espazio sozialean kokatu zuten hizlariek. Haien ustez, ez da nahikoa norbanakoen ezagutza lantzea, «euskara taldean txertatu behar da, egoera zehatz batetik haratago hitz egiten den hizkuntza bilakatuz». Horretarako, taldeen alfabetatzea ezinbestekotzat jotzen du Kontseiluak, «bai aisialdi arloan bai soziolaboralean».
Motibazioa ere normalizazio prozesuan funtsezko zutabe dela uste dute. «Gizartearen pentsaera aldatu, eraldatu behar dugu. Bide horretan kokatzen da azken hilabeteetan garatutako `Euskaraz bizi nahi dut' kanpaina», adierazi zuten.
Euskararen zabalkuntzari ere balio handia ematen dio Kontseiluak, bereziki hizkuntzaren «arnasguneei». Hauek «garatzea eta zabaltzea» espero du erakundeak.
Instituzioek daukaten ardura ere nabarmendu nahi izan zuen zuzendaritza taldeak, eta bide horretan, «pauso positibo» gisa baloratu zituzten Gipuzkoako Aldundiak hartutako azken erabakiak.