GARA > Idatzia > Kultura

Bonbardaketa arteko bizitzak, Zurutuzaren «Tripoli-Kabul»-en

Karlos Zurutuza kazetari eta GARAko kolaboratzaileak «Tripoli-Kabul» liburua argitaratu berri du urteetan zehar freelance gisa Ekialdean lanean aritu ostean jasotako bizipen eta kronikekin. Donostiako udal liburutegian aurkeztu zuen atzo 112 orrialdeko liburu «koral» hau.

p039_f01-97x164.jpg

Garazi MUGERTZA | DONOSTIA

Karlos Zurutuza, kazetari eta GARAko kolaboratzaileak bart aurkeztu zuen Gaumia argitaletxearekin argitaratu berri duen «Tripoli-Kabul» liburua.

Bertan, izenburuak markatutako ibilbide horretan zehar, gatazka guneetan kazetari lanean aritutako urteetan jasotako testigantzen bilduma zabala jaso du, guztiaren lotura egiten duen kronika bat lagun duela.

«Bagdaden nengoela jarri ziren Gaumiakoak nirekin harremanetan» eta ordura arte libururik ateratzeko asmorik ez izan arren, hedabideetan normalean zuzenean lekurik ez duten testigantzak biltzeko aukera bikaina iruditu zitzaion.

«Nik entzun ditudan moduan jasotako istorioak dira. Pertsona arruntak dira liburuan agertzen diren gehienak, zibilak. Euren eta gure arteko desberdintasuna gu mundu aberats honetan eta beraiek gerran dagoen batean jaio izana da».

«Tripoli-Kabul» izenburuaren nondik norakoen gainean galdetzean zergatia zein den ezin esan zezakeela erantzun zuen. «Ez dakit esaten zergatik joaten naizen Ekialdera. Ekialdeak aspalditik harrapatu nau».

GARAko kolaboratzaileak liburuan agertutako hainbat testigantza «Berria», «Gaztezulo», «Argia» eta egunkari honetan argitaratu izan ditu eta libururako aukeraketa egiteko orduan Tripoli eta Kabulen arteko oreka izan duela oinarri adierazi zuen aurkezpenean, «zaila» izan den arren, gatazka guneetan lanean aritu den bost urteetan jasotako testigantza eta bizipen guztiak sartzea ezinezkoa baita.

Liburuan gerra zer den azaltzen saiatu da Zurutuza. «Egia esan, oso zaila egiten zait gerra zer den azaltzea. Testigantzen bitartez egiten saiatu naiz. Bildutako istorioak dira gerra».

Obsesio bat duela aitortu zuen aurkezpenean GARAko kolaboratzaileak; gatazkan diren eremuetara bidaiatzen duenean, bere urte berean (1971) jaiotako pertsonak bilatu ohi ditu, «han edo hemen jaiotzea loteria hutsa baita». Horrek «kulpa» sentsazioa sortzen du eta «liburu hau -zentzu horretan- terapeutikoa» izan dela ziurtatu zuen.

Barruan iltzatuta istorio asko geratu zaizkio 2004tik, freelance lanetan hasi zenetik, baina liburuan bildutako bat aukeratu behar izanez gero, «zaila» izan arren, Falujan ezagutzeko aukera izan zuen Kemal Jassimena da. 2004ean AEBek Faluja bortizki bonbardatu zuten, sekulako sarraskia izan zen, eta gizon honek bertan hildako gorpuak duintasunez hilobiratzea erabaki zuen, AEBek ohiko kanposantua erabiltzea debekatu zuten eta berak bere kaxa hango futbol-zelaia hilerri bilakatu zuen. 3.700 gorpu daude bertan lurperatuta.

Atzerriko egunkarientzako ere aritu da lanean Zurutuza Ekialdean gerratik gerrara bidaian aritu den urteetan zehar, baina freelance izatea gero eta zailagoa da eta «nik uste gero eta zailagoa izango dela, krisia Estatu espainolean ez ezik, mundu osoan nabari baita».

«Gure lan tokia edo testuingurua ez da ohikoa, baina funtsean egiten duguna edozein kazetarik egiten duena da, kalera jo eta istorioak jaso».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo