Irati JIMENEZ Idazlea
Txisteak
Hauxe Patxi Lopezek behinola jendaurrean bota zuena. Dio argentinar emakumeak Gipuzkoara iritsi berritan, «ez da erraza euskara ikastea, e? Baina zailena zaborra botatzen ikastea!»
Irakurri eta haserretu egin nintzen. Hortik nire harridura txistea lagunari kontatu eta irribarre egin zuenean. Segundo batzuk behar izan nituen onartzeko, baina ez zen hain txiste txarra, eta haserretu ninduena ez zen txantxaren zabarkeria, komedianteari txantxa horretarako aitortzen diodan eskubide eza baino. Bere lehendakaritzarako kanpaina «historikoa» abian jarri zuenean, Lopezek euskara bere erabiltzaileen ondare zela aldarrikatu zuen, ez abertzaleen arma, tresna edo altxor. Euskara ikasiko zuela ere agindu zuen eta legegintzaldi bukaerarako elkarrizketa oso bat euskaraz egingo zuela hitzeman zuen. Gero jakin genuen urtean ia 130.000 euro inbertituta ere ez zuela aurrera egiten, bere esanetan maiz egiten zuelako piper.
Badu Lopezek eskubidea euskarari buruzko txisteak egiteko. Baina askorentzat iraingarriak direla jakin beharko luke. Badute gizonek emakumeei buruzko txisteak egiteko eskubidea, zuriok beltzei buruzkoak, payook ijitoei buruzkoak, aberatsek pobreei buruzkoak, iritzi-emaileek militanteei buruzkoak. Baina jakin beharko lukete barre zintzoagoak lortuko dituztela erdaldunen, matxisten, plutokraten edo zinikoen artean. Jakin beharko lukete hierarkiazko harremanean boterea duenak daukala zuzenago jokatzeko eta bere burua zorrotzago begiratzeko ardura. Iritzian, zirikadan zein umorean. Ez dakitenek irribarreak izozteko arriskua dute. Lopezenaz gaindi beste adibiderik nahi duenak aste honetako Bilboko Barrea ekitaldiaren programa begiratu dezala.