GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Etorkinen bizkarretik botoak lortzea

Baten batek, beharbada askok, uste du Javier Maroto Gasteizko alkatea ausarta izan dela aste honetan egin dituen adierazpenak direla eta. Oihartzun handien izan duten bere adierazpenak direla eta. Baten batek, beharbada askok -pentsamolde hori duten lau lagun asko baitira-, pentsatuko zuen etorkinen aurkako adierazpen horiek egiteagatik, politikoki zuzenak ez izan arren, edo horregatik, hain zuzen, ausarta izan dela alkate jauna. «Ez dira politikoki zuzenak, baina egia osoa dira», egingo zuen baten batek, edo askok, bere artean, edo lagunaren konplizitatearen bila, edo denda edo tabernako ezezagunen batena...

Gertatzen da, ordea, ez direla egia osoa. Aitzitik, oro har immigranteak ez dira inoren lepotik bizitzera ez lapurtzera etortzen. Badakigu «beste herrialde batzuetatik etorritako» zenbait lagun inoren lepotik bizi direla, eta lapurtu egiten dutela. Gogoa gehiegi astindu gabe, burura datozkit madrildar bi, palentziar bat eta tarragonar bat. A, bai, eta aljeriar bat. Baina badakigu, hala berean, beste herrialde batzuetatik etorri ez diren zenbait lagun ere inoren lepotik bizi direla, eta lapurtu egiten dutela: gogoan ditudanen artean, azpeitiar bat, bilbotar bat, tuterar bat eta baiones bat. Eta gasteiztar bat.

Eman dezagun, ordea, Javier Marotok arrazoi duela, badirela beste herrialde batzuetatik etorritako lagun asko inoren bizkarretik bizi direnak. Nork ematen dizkie ez dagozkien laguntzak? Udalak, Aldundiak, Gobernuak... Gasteizko Udalaren arduradun nagusia Maroto peperoa da; Arabako Aldundiarena, De Andres peperoa; Gobernuarena, Lopez oraindik orain arte peperoen sostengua izan duena. Eta Marotok dioena egia balitz, horiek lirateke erantzuleak, inondik inora ez etorkinak, baten batek, edo askok, sinisten edo sinistu nahi duen bezala. Eta Marotoren «ausardia» txalotzen dutenei ez dagokien laguntzaren bat emango baliete, ez lukete hartuko? Zer da salagarria, laguntzak ez dagozkionari ematea ala etorkinei ematea?

Edonola ere, Marotoren ateraldia ez da hanka sartzea izan, aurrez ondo pentsatutako diskurtsoaren zati baizik, Basagoitiren harako «lehenengo, etxekoak» haren segida.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo