GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Federalismoaz

Mahai gainean ipintzen ari diren federalismo horrek ez du botere politiko eta ekonomikoa zalantzan jartzen, botere administratiboak norainokoak izango diren kokatzen du eztabaidaren muinean

Badirudi PSOEk azken hilabetean federalismoa hautsez betetako kajoiren batetik atera duela, eta aurkitzeaz gain, badirudi egituraketa modu honen estandarte ere bihurtu dela. Jo kontuak! Patxi Lopezek ere hitz egin du federalismoaz, defizitaren mugak betetzearekin konprometitu eta Rajoyren dokumentua beste «presidente» guztiekin batera sinatu ostean.

Kontzeptu honen berpizkundeak zerikusi handia dauka, zalantzarik gabe, Katalunian suertatzen ari diren mugimenduekin. Ez dut ezer berririk deskubritu. Autonomismoa finikitatu behar delarik, independentismoaren eta PPren zentralismo bortitzaren artean hirugarren proposamen baten premia zabaldu zaio hasiera batean PSCri eta, gerora, PSOE osoari. Ezberdintzeko euskarria, beraz, baina euskarri diskurtsiboa besterik ez. Euren artean ere ez dute zehaztera azertatzen: federalismo asimetrikoa, federalismo kooperatiboa, federalismo solidarioa... abizen larregi funtsean ezer gutxi aldatzean oinarritzen den kabala baterako. Hori bai, PPk baino kutsu «progresistagoa» bai ematen duela eta, esan barik doa, hori lortzea ez da batere zaila.

Espainiar Estatua gaur egun, kanpotik begiratuz gero, estatu federaltzat jo liteke: botere zentral nagusi bat eta autonomia bakoitzak gestionatzen duen «botere» esparru bat. Funtsean, behintzat. Eta, esan bezala, terminoaren atzetik, inork ez du azaldu zertan ezberdinduko litzatekeen estatu konfederal bat autonomien estatutik. Egituraketa antzeko baterako estalkia izan litekeelakoan nago: autonomia espainolen porrot ekonomikoa konpontzera eta lurralde historikoei zerbait «berria» eskaintzera etor litekeen estalkia, alegia.

Izan ere, federalismo horrek gero eta jarraitzaile gehiago irabazten ditu, antza. Iñaki Anasagastik berak duela egun gutxi idatzitako artikuluan ez zen oso argi geratzen zer iritzi zeukan gai honetaz: mahats garaua izan nahi ote zuen ala ez, (espainiar) estatu konfederal batean una uva atada al racimo con rabito y todo, alegia. Urkulluren iritzia ere argi gelditzen ez den bezala, jakina: dibortziorik ez omen du nahi, baina ez dakigu ezkontza zibil edo erlijiosoa nahi duen, izatezko bikotea gurago duen edo, arin eta zakar esanda, ze puntutaraino nahi dituen fluidoak konpartitu.

Eta nahastera datozen terminoez ari garela, Urkullu behin eta berriro ari da bat hauteskunde atarian errepikatzen: Euskadi nazioa izan behar dela. Baina, Espainia ez bezala, Euskal Herria nazioa izan bada. Hori ukaezina da, gure izaera soziokulturala da, politikoa zentzu zabalean. Estatua da behar duguna. Baina ez «Espainiari federatutako /lotutako sasi-estatu bat», konpetentzien lohietan itota.

Mahai gainean ipintzen ari diren federalismo horrek ez du botere politiko eta ekonomikoa zalantzan jartzen, botere administratiboak norainokoak izango diren kokatzen du eztabaidaren muinean. Estatu baten eraikuntza bidea markatzen duen eztabaida botere politiko osoa daukan egituraketan kokatzen da eta ez botere administratiboen kontzesioetan. Berbetatik harago, gakoak berdina izaten jarraitzen du: nork erabakitzen duen eta erabaki horiek errespetatuak izango diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo