GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Isiltasunaren arintasuna

Oroitu nahi ez nukeen liburu batean irakurri nuen amabilidadea, guztiok bertutetzat daukagun hori, gizakiak bere burua mozorrotzeko erabiltzen duen trikimailua besterik ez dela. Kaixozermoduzka ibiltzen garen ustezko izaki alai eta bertutetsuak ez garela horren on. Hurkoa erosteko eta kate motzean lotzeko modu dotorea dela txera. Ez dela diruz erostea bezain eskandaluzkoa, ez dela gogoz kontra inor zuhaitz batera lotzea bezain patologikoa, baina, finean, antzeko gauza dela. Zurekin aurretiaz egon nahi ez lukeen horri aurkako argudioak ematea, betiere modu sotilean, behartu gabe. Amabilidadea ezaugarritzat daukan horrek, ordea, badaki zein nekeza den besteekin gozoa eta ulerbera, arretasua eta eztia izatea. Arte konplexu bat. Lokiak estutu behar dira, irudimena erabili behar da. Ze irudimena behar baita hitzez urria den edonorekin jarduteko, eta bien arteko kalakari nola-hala eusteko. Duela gutxi gertatu zitzaidan, Zinemaldian. Ezezagun batekin agertu zen nire lagun bat. Biak agurtu orduko, nire lagunaren beste ezagun bat agertu zen, eta hantxe geratu ginen parez pare lagun berria eta neu, herabe. Ofizioz amable naizenez hasi nintzaion hartaz eta horretaz galdetzen, elkarrizketa ematearren. Handik egun gutxira, ordea, nire laguna etorri zitzaidan, bere lagun hura nirekin harrituta geratu zela esatera, «kuxkuxero» hutsa nintzelakoan. Hara, pentsatu nuen: mututasuna ongi saritutako jarrera da. Misterioa dauka (isilik dagoenak buruan zerbait darabilela antzezten asmatzen badu bereziki), ez da arriskutsua, hanka sartzeko aukerari iskin egiten diozulako, eta gainera ez da irudimenik behar. Hurkoaren parean jarri, eta hark hitz egin dezan itxaron, gero epaitu ahal izateko. Eta inoiz ez zara berritsu pare baten geratzen. Isil gaitezen ba guztiok, inork epaitu ez gaitzan.