GARA > Idatzia > Kultura

Igandean hasiko da, Berriatuan, Bizkaiko Bertso Txapelketa

Bizkaiko Bertso Txapelketaren finala Bilboko Miribillan jokatuko dute abenduaren 15ean. Ordura arte, bost kanporaketa eta hiru finalaurreko gaindituak izan beharko dituzte bertsolariek. Aurten 38 partaide arituko dira kantari Bizkai osoko herrietan.
p040_f02_148x108.jpg

GARA | BILBO

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren edizio berria aurkeztu zuten atzo. Datorren igandean hasi, eta abenduaren 15era arte iraungo du lehiak. Azkenik, Bilboko Miribillan jokatuko dute finala, bost kanporaketa eta hiru finalaurreko egin ostean.

Txapelketa osoa www.bizkaikotxapelketa.biz webgunean jarraitu ahal izango da. Bertso saioetara joateko sarrerak ere Internet bidez eskuratu ahal izango dira, www.bertsosarrerak.eu webgunearen bitartez. Finalerako sarrerak hasieratik izango dira salgai.

Asier Ibaibarriagak, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidenteak, eta Maddi Ibaibarriagak, txapelketako komunikazio-taldeko kideak, Bizkaiko Foru Aldundiko eta BBK Fundazioko ordezkariek lagunduta, txapelketaren nondik norakoak azaldu zituzten goizean Bilboko Alondegian. Arratsaldean, berriz, Durangoko Plateruena kafe antzokian aurkezpen jaia egin zuten.

Hala, bi urtetik behin ospatzen den bertsolaritza lehiaketa honetan parte hartuko dutenen izenak jakitera eman zituzten. Guztira, 38 bertsolari izango dira taula gainean. Horietatik zortzi, aurreko edizioko finalistak, alegia, zuzenean finalaurrekoetara sailkatuko dira, zehazki honakoak: Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo Abarkas, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Peio Ormazabal.

Eskualdeetako aurtengo zortzi txapeldunak ere zuzenean sailkatuko dira kanporaketetan. 2010. urtea baino lehen inoiz finalista izan direnek ere kanporaketetan sartzeko aukera izango dute. Kasu honetan, Igor Elortzak, Fredi Paiak, Iratxe Ibarrak eta Ibon Ajuriak eman dute izena. Gainerako bertsolariak eskualdeetako txapelketetan lortutako puntuazioaren arabera sailkatu direnak izango dira.

Saioak noiz izango diren argitu dute jada. Datorren igandean Berriatuan lehenengo kanporaketa jokatu ostean, Balmasedan (urriak 14), Mungian (urriak 27), Sopelan (urriak 28) eta Zornotzan (azaroak 4) izango dira gainerako saioak. Hau da, kanporaketa horietako irabazleak finalaurrekoetan arituko dira, zuzenean sailkatuta daudenekin batera. Iragarri dutenez, finalaurreko saioak Basaurin (azaroak 18), Durangon (azaroak 25) eta Gernika-Lumon (abenduak 2) izango dira. Eta azkenik, finala, BECen egin beharrean, Bilboko Miribillan egingo dute, abenduaren 15ean, aurtengo Bizkaiko bertsolari txapelduna zein den jakiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo