GARA > Idatzia > Euskal Herria

Maritxu Kajoi gero eta dotoreago dator, gogoz eta ilusioz beteta

Eskapularioa lepoan hartu eta dotore-dotore ateratzera animatu dituzte Maritxu Kajoi Komisioko kideek arrasatearrak eta bisitariak. Txikitero baten ateraldia izan zena Euskal Herriko jairik dotoreena da orain. Dotorezia hori handitzen doa urtez urte, gainera. «Goixetik goixerako» parrandan, herri giro ederra ziurtatuta egonen da gaur Debagoieneko herrian eta, nola ez, aitzinetik inork zer izanen den ez dakien miraria ere bai.

p020_f03.jpg

Maider IANTZI | ARRASATE

Maritxu Kajoi Komisioan gero eta lagun gehiago dira eta, azaldu dutenez, «inoiz baino animatuago» daude gaurko bestarako. «Belaunaldi aldaketa bat ematen dabil eta jendea ilusioz dago. Jai polita da, herrikoia. Probatu egin behar da, etorri eta ikusi. Hori bai, dotore. Bestela, lekuz kanpo geldituko zara...». Hala egin dio gonbidapena Aritz Zubiatek GARAri. Eskapularioa zintzilik eramatearen garrantzia ere nabarmendu du -aurtengoak Amaiurko gazteluaren irudia eta 1512-2012 datak ditu idatzita-, taberna eta jatetxeen laguntzarekin batera, horiek sostengatzen baitute jaia. «Hamar eskapulaixo erosten dittuenak gau osoko traguetan eztau izengo BEZ igoerarik», iragartzen dute lerroz lerro umore punturik galtzen ez duen egitarauan.

Indartsu hasiko dute eguna, eta goiz: «08.00etan, egune edarto hasteko, etxafleruek. Krisixa dala ta, Donostiako Aste Nagusixen sobrautakuekin moldauko gare». Gero, Garoña Bizirik! irteera ekologikoa eginen dute, eta aukera aparta izanen da: Abiadura Handiko Trena estreinatzekoa! Nuclenorrek eta Iberdrolak diruz lagundua. Badaezpada, ez zorabiatzeko pastillak poltsan ekartzeko gomendatu dute. Handik 15 minutura, joan-etorria tximista bezain azkarra izanen denez, hamarretakoa emanen dute jubilatuenean, salda eta txuletilla goxoak.

Eta hamarretakoa janda bai, txikiteoari ekinen diote. Egunotan trafiko kanpaina berria martxan jarri dutela oroitarazi dute komisioko lagunek. Hortaz, tabernatik tabernarako aldapa arriskutsuetan gerrikoa jartzea komeni da.

Omenaldi bertsoak

Urriaren 5ean jaiotako herritarrak zoriontzearekin batera -bakoitzari adjektibo bat jarriz izen-abizenen ondoan: gaztie, erromantikue, ilustraue, malabaristie, enkofradorie...-, bi bertso idatzi ditu Maritxu Kajoi komisioko kide batek. Lehena herriko lagun baten omenezkoa da. Txumai beti ibiltzen zen Maritxu Kajoiri egiten zaion lore eskaintzan txarangako zuzendari gisa. «Urteak joan-etorri gozamen hutsean/ aritu zara Txumai gidari antzean/ ta irrifar zabal bat ezpainen ertzean/ oroituko zaitugu guk aurrerantzean/ zure doinua jotzen duten bakoitzean».

Bigarrenak Iosu Uribetxebarriari egiten dio ongietorria: «Ongi etorri Iosu animu suharrak/ makinaria gaizto baten atzaparrak/ agintari berriak ta diskurtso zaharrak/ eta krudelki lotzen zaizkien marmarrak/ denak gainditu ditu zure irrifarrak».

Diseinatzaileen erakusleihoa

Oihal, hari eta orratzen artean, jasotako azken enkarguak betetzen harrapatu dugu Amaia Albes Arrasateko diseinatzaile gaztea. Kontatu duenez, aurreko urtean soineko gehiago eduki zituen egiteko; aurten jende gutxiago etorri zaio jantzi berria egitera, baina dauzkan arropek, kortseengatik-eta, lan gehiago eskatzen dute. Orduan, lana izan du berdin-berdin. Moldaketa ugari egin ditu. «Aurreko urtekoa eraman behar dut langabezian nagoelako. Aurrekontu hau daukat eta egidazu zer edo zer» eskatuz etorri zaizkio herritar anitz. «Bestela, normalean, arrasatearrok behintzat, urtero soinekoa aldatzeko ohitura dugu eta gero eta garrantzi handiagoa ematen diogu soinekoari».

Albesek azaldu duenez, urteotan gero eta gehiago ari da dotoretzen Maritxu Kajoi. Lehen amaren soineko edo aitaren traje eta gorbatarik zaharrena hartzen zen; orain, aldiz, ia-ia ezkontza batera joateko bezala prestatzen dira herritarrak. Herrikoak direnak, behintzat, jaia egunean zehar egiten saiatzen dira. Bazkaria egiten dute, eta soineko motzagoak eta kolore gehiagokoak eramaten dituzte.

Halere, beltza beti da nagusi maritxuetan. Joan den urtean loredun enkajeek dezenteko arrakasta izan zuten; aurten zalantza du Amaiak ea hainbeste ikusiko diren. Detaile asko ezin ditu eman, baina luma eta gerruntzeak gero eta gehiago eramanen direla aurreratu du.

Normalean jendeak erosi egiten ditu jantziak, eta bestela lagunek euren artean aldatzen dituzte. Jantziaz aparte, osagarriak eramaten dira. Amaiak buruko aski bereziak egiten ditu.

Txiki-txikitatik bizi izan ditu jai hauek eta ikaragarri gustatzen zaizkio egunean zehar herritarrek jartzen duten giroagatik, eta horretaz gain, orain, bere ikuspuntutik, diseinatzaile moduan, eskaparate bat direlako berarentzat. Zer egin dezakeen erakusteko aprobetxatzen ditu, eta ideiak hartzeko, batez ere jendeari zer gustatzen zaion ikusteko. Tailerra dauka Arrasaten eta neurrira egiten ditu jantziak. Horretaz aparte, bildumak lantzen ari da eta webgunea martxan jartzen ere bai, bertan bere denda irekitzeko.

gaztetxean

Aritz Zubiatek jakinarazi duenez, aldaketa bakarra dago aurten: gauerdiko kontzertua ez da txosnetan izanen, gaztetxean baizik. Manillares Iturriagak dantzatu nahi duenari aitzakia ezin hobea emanen dio bertan.

txosnetan

Txosna Batzordeko kideak irailaren hasieran ekin zioten leku hau biziberritzeko lanari eta gogotsu aritu dira San Joan jaietako maila berari eusteko. DJ Xabi ekarriko dute musika dantzagarria, rocka eta herriko taldeen doinuak nahasteko.

Mende batez zerbitzua eskaini duen Zeziagari omenaldia

Zeziagako dendariek arrasatearren omenaldia jaso zuten joan den osteguneko Nobenaixuan: Rosarito Zeziaga, Loli Zeziaga, Ines Gardoki eta Marimar Martin dendariei jantzi zieten enbutu preziatua Maritxu Kajoi Komisioak antolatutako ekimenean. Kontatu dutenez, lagun ugari bildu zen gazta pintxoa jatera, ardoaz lagunduta, eta tertulia ederrak sortu ziren Herriko Plazan, Maritxu Kajoiren irudiaren azpian. 104 urtez herritarrei zerbitzua eman ondoren, Zeziagak itxi egin behar izan du, eta omenaldi xume honekin eskertu zioten egindako lana.

Nobenaixuek Maritxu Kajoiren eguna hurbil dela iragartzen du. Gaur ospatuko dute 36. edizioa. Majo aldatu dira kontuak 70eko hamarkadan, txikiteoaren ohitura Euskal Herrian bizi-bizi zegoelarik, saltsa guztien perrexila izaten zen Pepe Txantxote arrasatearrak izan zuen ateraldi hartatik. Pepek, trago bat hartzera gonbidatzen zuten aldiro, edalontzia altxatu eta «Maritxuren alde!» oihukatzen zuen. Maritxu emazte zuelakoan, adarra jotzen hasi zitzaizkion gazte batzuk, eta Txantxotek, elizako ate nagusira eramanda, hala erantzun zien: «Ez duzue ideiarik ere, Maritxu hori da, Maritxu Kajoi, txikiteroon patroia!». M. I.

LORE ESKAINTZA

Irrien Lagunekin «Kanta eta dantza» ikuskizunaz gozatuko dute haurrek eta lore eskaintza eginen diote Konpartsa Txikiak eta herriko kuadrillek Maritxuri: «Datorren urtien danok etxien egon gaittezen».

«mkj» kantua

Iaz Maritxu Kajoik 35 urte bete zituen eta Never Surrender taldeak «MKJ» kantu martxosoa oparitu zion. Aurten kantua berreskuratu dute eta gaur egun osoan adituko da Arrasateko alde guztietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo