GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Jimenez Maia Idazlea

«Good night, spanish pride» (Agur Espainiaren harrokeriari)

Espainia krisiaren kafe beltz beroan urtzen ari den azukre koxkor bat baizik ez da; irabia dezagun egoera iraultzeko!

Udaberrian Nazio Batuen Erakundearen goi mailako bilera batean Mariano Rajoy Salomon Uharteetako ministrotzat hartu eta hala aurkeztu zuten, protokolo arazo bat dela medio. Alegia, Mariano Rajoy Gordon Darcy bezain ezaguna -eta ezezaguna- da. Gero, aitzakiak aitzakia, okerra zuzendu omen zuten... baina ordurako beranduegi zen; mina egina zegoen, min handia, min akutua, min umiliagarria.

Udan, Europako Parlamentuan, Estrasburgon, Nigel Farage eurodiputatu britainiarrak argi adierazi zuen: «Europa osoko buruzagi ezgaietan ezgaiena Rajoy da». Espainiako estatuak Europako langabezia tasarik altuena du, eta Rajoyk jarraitzen du murrizketak inposatzen, lobby politiko-ekonomikoen aurrean otzan

Iragan den astean, Nazio Batuen Erakundearen goi mailako bilera batean, Mariano Rajoy ia-ia hutsik zegoen biltzar aretoan mintzo da; munduan jadanik inork gutxik hartzen du aintzat Rajoy, oraingo NODO-ek kontrakoa sinetsarazi nahi diguten arren. Espainiaren harrokeriak, spanish pride delakoak, erreka jo du munduan.

Azkenik -oraingoz bederen-, Taiwaneko NMA telebista kateak egindako bideoa, Rajoy eta erregea lotsagarri, irrigarri eta barregarri uzten dituena, Kataluniaren independentzia iragartzen duen animazio-bideo guztiz gomendagarria da.

Hori da hori, marka, España marka! Urriaren 12an aterako dira berriz ere Armadako soldadu espainolak desfilean, batzuk ahuntza eta guzti, patetiko, duela bost mende su eta odol konkistatu gintuztela ospatzeko. Nafarroa Garaian bizi diren espainolak joanen dira guardia zibilak desfilatzen ikustera, Espainia amiltzen ari den esperpento bat dela une batez ahantzi ahal izateko.

Bizkitartean, Barcinaren dimisioa aldarrikatzen da gero eta ozenago, joan daitezela behingoz bera eta enparauak, hemen ere hauteskundeak deitu eta bozka dezagun. Urriaren 12an horretarako aterako gara kalera, eta gure elkartasuna adierazteko irailaren 26ko greba orokorrean poliziek jipoitutako lagunei, Recuerdo de España gomazko pilotan idatzi zuen poliziari erdeinuzko irribarrea eskaintzera. Eta urliak eginen du galde ea zenbat xahutu duten militar espainolek; berendiak, ea zenbat poltsikoratu duten politikari ustelek; baina sendiak egiten du galderarik zuzenena: noiz arte?

Orain bizi dugun egoera historia liburuetan «ustelen urteak» epigrafearen azpian agertuko da. Norberaren esku ere bada ustelen urteak laster bukatzea. Espainia krisiaren kafe beltz beroan urtzen ari den azukre koxkor bat baizik ez da; irabia dezagun egoera iraultzeko! Agur Espainiari, agur Espainiaren harrokeriari; good night, spanish pride.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo