GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Analisia | Urriaren 21eko hauteskundeak

Ezkutuko mezuak deskubritzen

Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak irakasten ditu Fernando Garcia Murgak Euskal Herriko Unibertsitatean. Semantika eta pragmatika irakasten ditu, adierazpenen esanahia, azpiko esangurak aztertuz. Horixe bera egin du GARArentzat hauteskundeotako lau indar nagusiak kanpainan erabiltzen ari diren hitzekin, politikariek bidaltzen dizkiguten ezkutuko mezuak deskubritu nahian.

p009_f01_15880.jpg

Fernando GARCIA MURGA I Linguista eta EHUko irakaslea

Bat. Agertokia: krisia nagusi.

EH Bildu koalizioaren mezuetan «soluzio», «irtenbide», «aldaketa», eta «cambio» hitzak dira protagonista. Behin «eraldaketa» hitza ere erabiltzen da, aldaketak sakonak, funtsezkoak izan behar direla transmitituz. Hitz hauen bidez egungo egoera soziopolitikoa txarra, iluna eta arazoz betea dela erakutsi nahi da. Halere, arazoak ez dira aipatzen, eta honek mezuari eremu zabal batera iristeko aukera ematen dio: krisi ekonomikoak dakartzan arazoak, bake prozesuan dauden arazoak, giza sektore desberdinek dituztenak, euskal kulturarenak...

EAJ/PNVren mezuak antzeko agertoki batean kokatzen dira: Oraingo egoera txarra da: «Berpiztu», «vuelve a creer», «krisia gainditu», «transformazioa» hitzek adierazten dute egoerari buelta eman behar zaiola. Halere, kasu honetan, egoera txarra eta iluna batik bat krisi ekonomikoarekin lotzen da (ez dugu ahaztu behar krisi ekonomiko hau sinesgarritasun terminoetan azaldu dela behin baino gehiagotan: konfiantza eza, segurtasuna... Hortaz, «volver a creer» adierazpena ere krisi ekonomikoarekin lotzen da).

EH Bilduren mezuetan irtenbiderik badagoela azpimarratzen da. Honek adierazten du euren ustez hautesle askok irtenbiderik ez dagoela pentsatzen dutela (izan ere, ez da ezer baieztatzen, kontrako iritzia pentsaezina bada). Ildo berean, PNV/EAJk «contamos con un modelo propio que funciona» dio. Gainera, «propio» hitzak PP eta PSE-EE/PSOEren gobernutik bereizteko eta konponbidea Euskadin kokatzeko balio du.

PSE-EE/PSOEren mezuetan ere egoera ekonomiko txarra lehen planoan agertzen da. Baina oraingo honetan, PPk Espainiako Gobernuan egin dituen murrizketen aurkako mezua zabaltzen da: «Haz TU presupuesto: educación, sanidad, administración, 20%, 60%, interior...». Argi da «TU presupuesto» PPk Espainiako Gobernuan egin duen aurrekontu murriztailearekin kontrajartzen dela.

PPren mezuetan ez da krisi ekonomikoa aipatzen (oraingoz), ezin dutelako lorpen ekonomikorik aurkeztu.

Bi. Alderdiek nola aurkezten dute euren burua?

EH Bilduk erabiltzen dituen hitz guztiek konnotazio positiboa dute («arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka» espresioa izan ezik): «Konpromisoa», «engaiamendua». Konnotazio positiboa duten hitzen bitartez gobernu proiektu bat bideratu dezaketela adierazi nahi dute. Horregatik, gatazka eta «confrontación» hitzak baztertu egin dira, konnotazio negatiboa dutelako.

Mezuetan bakeak paper garrantzitsua jokatzen du, baina ikuspuntu desberdinak antzematen dira. EH Bilduren mezuetan «bakearekin eta konponbidearekin» adierazpena erabiltzen den bitartean, EAJ/PNVk, «bakea eta elkarbizitza» erabiltzen du. EH Bilduren mezuan, inplizituki ikusten da bakea ez dela modu absolutuan hartzen, euren ustez bakearekin batera, beste gauza batzuk (presoen egoera, lurralde antolamendua...) konpondu behar direlako.

PSE-EE/PSOEk azken lau urte hauetan erabili duen adierazpena erabiltzen du: «Nuevo tiempo»: «que el nuevo tiempo abierto no tenga marcha atrás». Kasu honetan, lehenengo planoan, egoera soziopolitikoan krisi ekonomikoaren ordez bakea eta sozialisten Gobernua jartzen dira. Ildo berean «somos la única garantía para evitar la vuelta atrás de Euskadi» erabiltzen da («vuelta atrás» ez da garai ekonomiko oparora joateko). Esan dugun bezala, «garai berria» bake garaia adierazteko erabilia da. Beraz, PSE-EE/PSOEk bere burua bake bermatzaile gisa aurkezten du.

EAJ/PNVk Gobernuan duen eskarmentua lehenengo planora ekarri nahi du «confianza», «experiencia», «liderazgo» hitzak erabiliz. Iraganean izan duten gobernu ardura, etorkizunean hauteskundeak irabaziz osatu nahi duten gobernuarekin lotzen da «modernización», «berrikuntza», «impulso» hitzen bitartez.

PPk, bestalde, bere burua nazionalismoaren aurkari bakar gisa aurkezten du: «Hay alternativa a la receta vieja de ruptura y división que prescribe el nacionalismo» mezuarekin. PPk nazionalismoa beti konnotazio negatiboa duten hitzekin lotzen du: «Viejo», «ruptura», «división»... Ildo berean, «prescribe» hitza jarrera autoritarioarekin lotzen da, hitz horren esanahian agindua ezkutatzen delako. PPk inplizituki PSE-EE/PSOE alderdia alderdi nazionalistekin biltzen du, nazionalista ez den esparrua bereganatu nahian: «Somos + del 51% los que nos sentimos vascos y españoles, PP + tú». Beraz, PPk beste hiru alderdiak zaku berean sartzen ditu, nazionalistak eta erradikalak balira bezala: «Somos el voto útil para lograr equilibrio y moderación en Euskadi».

PSE-EE/PSOEk ere, inplizituki bada ere, nazionalismoaren ideiak baztertzen ditu «trabajar por lo importante» edo «garrantzitsuari eutsi» esaten duenean. Garrantzitsua zer den ez da esaten, baina alderdi honen diskurtso politikoan sarritan ekonomia identitate kulturalaren aurretik jarri da.

Hiru. Hautesleari egiten dioten apelazioa.

Alderdi guztiek badute mezu bat hautesleei zuzen apelazioa egiteko. Agian mezu honen bidez oso zabalduta dauden ideia batzuk deuseztatu nahi dira: Erabakiak urrutitik datoz, erabakiak hartzerakoan pertsonak ez dira kontuan hartzen ...

«Zure esku», «tu momento» dio EH Bilduk hautesleari apelazioa egiteko. EAJ/PNVk «zuk egiten duzu Euskadi» espresioa darabil du. PSE-EE/PSOEk «decide QUÉ CAMBIARÍAS» darabil. PPk «zuk zeuk izan nahi duzun bezala» dio (hemen apelazioaz gain, identitate espainola inplizituki aipatzen da).

Apelazioari dagokionez (eta PPren mezuan kutsua alde batera utziz), ez dira aldaera ideologikoak antzematen, alderdi guztiek oso klixe klasikoak erabiltzen baitituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo