GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK I hausnarketak (II)

«Bigarren Trantsizio honetan testuingurua guretzat hobea da»

MARIO ZUBIAGA I Irakaslea

«Aldaketa garaia da». Egungo testuinguruaz galdetuta, Mario Zubiagaren lehen hausnarketa horixe da. Aldaketa  garaia, ez soilik gurean, baita Europan eta mundu osoan ere, marko asko krisi betean daudelako. Eta nabarmentzen duenez, aldaketarako aukera hau ezin da galdu.

p010_f01.jpg

Iker BIZKARGUENAGA I

Irakurleak Unibertsitateko irakasle baten lantokia imajinatzen badu, segur aski buruan duen horrek antz handia izango du Mario Zubiagak Leioako campusean duen bulegoarekin. EHUko irakasleak ehunka liburu, aldizkari eta afixa artean erantzun die GARAk egindako galderei. Lehena, egun bizi dugun egoerari buruzkoa, eta bere hausnarketa, argia: «Aldaketa garaia da». Bere iritziz, «aldaketaren beharra gero eta nabarmenagoa da, arlo guztietan. Marko asko eta asko krisian daude, kolokan jartzen ari dira; marko sozioekonomikoa, marko juridiko-politikoa... ez bakarrik Euskal Herrian, uste dut hor badagoela ia-ia mundu mailako sintonia, eta aldaketa giro hori arlo guztietan azkartzen ari da. Azken bi, hiru, lau urteetan faktore desberdinak bildu dira eta asko azkartu da krisian dagoen mundu global honetan aldaketaren beharra».

Esparru bakoitzari erreparatuta, mundu mailan aldaketa giro horrek egitura ekonomikoei eta potentzia ekonomikoen indar harremanei eragiten diela aipatzen du, eta Europan, barne egiturari eta egitura horrek izango duen norabideari. Hain zuzen, Zubiagak nabarmentzen du «epe laburrean zentralismoaren eta federalizazioaren bidean» pausoak emango direla, eta horrek «estatu-nazioen krisian eta birmoldaketan» eragina izango duela. Eta, alde horretatik, Estatu espainolaren egoera denen ahotan dagoen arren, Estatu frantsesa ere deszentralizazio prozesu batean barneratuta dagoela eta Ingalaterraren eta Eskoziaren artean ere beste harreman mota bat bideratzen ari dela aipatzen du.

Aldaketa garaia, beraz, baina «aldaketa guztiekin gertatzen den bezala, horiek aukera eta mehatxuak dira, nondik eta nora bideratzen diren ARABERA». «Euskal Herriarentzako aurrerapauso kualitatibo handiak emateko aukerak sor litezke, bai eta atzera egiteko eta okertzeko arriskuak», eta, noski, «hor jakin behar da ondo jokatzen».

Bigarren Trantsizioa

Azkenaldian, egungo testuingurua duela 30 edo 35 urte zegoenarekin alderatu duenik bada, eta horri buruz galdetuta, Zientzia Politikoetako irakasleak, galdera interesgarria bota du: «Egoera honek une honetan dituen ezaugarriak kontuan hartuta, 1976, 77, 78an egongo bagina, nola ulertuko genuke?». Eta jarraian adibide zehatza jartzen digu: «Pentsa dezagun 1976an egun gutxiko tartean bat egiten dutela ondorengoek: greba orokorra Euskal Herrian; Katalunian, milioi eta erdiko manifestazioa independentziaren alde; Kataluniako gehiengo politiko oso zabal batek autodeterminazioaren alde kontsulta bat egiteko konpromisoa hartu duela, Espainiak gauza bat edo bestea esan; mobilizazio izugarriak Madrilen eta Kongresua neurri batean inguratuta; krisi ekonomiko oso larria, langabezia tasa %40tik gora gazteen artean, inolako perspektiba ekonomikorik gabe... Horiek guztiak pakete batean sartzen badituzu eta 76, 77 edo 78ra eramaten badituzu, egoera benetan larria dela esango genuke». Gaur egun, aldiz, egoerari oraindik «normaltasunaren betaurrekoekin» begiratzen zaiola iruditzen zaio.

Zergatik hori? Non dago bi egoeren aldeko aldea? Galdera hauei erantzunez, Zubiagak gogora ekarri du garai hartan sistema politikoaren aldaketarekin eta ezegonkortasun demokratikoarekin lotuta zeuden faktore batzuk bazeudela, besteren artean, militarren esku hartzearen mamua, orain ia inork aipatzen ez duena. Eta nabarmendu du hori berori badela aldaketa handia. Edonola ere, eta hari horri helduta, espainiar Estatuak «beste trantsizio bat» egin behar duela dio.

Are gehiago, irizten dio trantsizioaren fasea berriz ere ireki dela. «95, 96, 97an zabaltzen hasi zen, Lizarra-Garazi akordioarekin, Bartzelonako deklarazioarekin, gero Ibarretxeren proposamena heldu zen...», baina bere ustez, Bigarren Trantsizio horri ateak erabat zabaltzeko «ETAren amaiera» beharrezkoa zen.

Izan ere, «ETA amaitu bitartean ez zen posible Bigarren Trantsizio hori egitea, eztabaida oraindik Lehen Trantsizioaren parametroetan kokatuta zegoelako. Hori bukatu denean ireki da benetan Bigarren Trantsizioa, eta Bigarren Trantsizio horretan abagunea eta testuingurua askoz hobea da guretzat».

Testuingurua askoz hobea da, hain zuen, Lehen Trantsizioan «diktaduratik gentozelako, militarren eragina izugarria zelako, Europak ez zuelako argi interbetzio eza jarrerarik egokiena ez ote zen... baina orain ez da horrelakorik gertatzen, Europak parametro batzuk planteatzen ditu, eztabaida hauek modu demokratikoetan planteatzen badira modu demokratikoan konpondu behar direla, alegia. Horregatik irekitako Bigarren Trantsizio honetan baldintzak, emaitzak, guretzat askoz hobeak izango dira».

Estatuaren estrategia

Dena den, arazoak ere badaude. Lehena, ETAk bere ekintzen behin betiko uztea erabaki duen arren, «aurreko zikloaren baldintzak» erabat konpondu gabe daudela, batez ere, presoen auzia. Zubiagak dioenez, «oso zaila da Bigarren Trantsizio horrek eskatzen duen mobilizazio planteamendua askatzea, desobedientziaren bidetik, ikuspegi demokratiko baten bidetik, oraindik aurreko zikloa itxi gabe daukazunean». Izan ere, aurreko ziklo horren ondorioak ixteko «akordio zabalak» ezinbestekoak dira, aldebakartasuna ez da posible, «kartzeletako giltzak besteek dituztelako».

Eta «besteek» badakite hori. Horregatik, presoen gaiaren konponbidea «beste dinamika soberanistak geldotzeko erabiliko dute». Azken finean, gaur egun duten «arma bakarra» hori delako. «Arma demokratikorik ez dute, arma militarrik ezin dute erabili, Europak ez dio baimenik emango edozer gauza egiteko; demokratikoki badakite borroka hau galduta daukatela. Ez daukate tresnarik, ez baldin bada hori, seiehun lagun dituzela bahituta». Eta hori horrela izanda, preso horiengatik «soberanismoak erreskate bat ordaindu» beharko duela iragartzen du, eta erreskate hori bere «makina eraikitzailea» geldotzea izango dela. Ze punturaino geldotuko du? «Ikusiko da. Suposatzen da urte batzuk oraindik horri bueltaka egongo garela», erantzun du irakasleak, eta stand-by egoera horri helduta, arrisku bat ere aurreikusten du: zenbait eragilek -EAJ, PP...- egoera aprobetxatzea akordio politiko bat erdiesteko, estatutu berri bat, edo dena delakoa. Hori arazoa izan daiteke burujabetzaren aldeko indarrentzat, beraiek «`lasta' bat» dutelako eta ezin diotelako «makinari indarrez eragin, beste gai hori konpondu behar dutelako».

Bere iritziz, Estatuaren ikuspegitik «irtenbide arrazionalena», «espainolista inteligente batek egingo lukeena», proposamen batekin gerturatzea izango litzateke, «federalismo asimetrikoa edo». Hori egingo dute? «Auskalo, España es mucha España». Eta, gainera, Zubiagak ez du ahazten historikoki Espainiaren estrategia «denbora irabaztea» izan dela beti, eta beraientzat «espainiar batasunak urtebete gehiago irautea badela garaipen bat». «Oso `kortoplazista' da kultura politiko espainola, urtebete gehiago gaiari heldu gabe badaude, hobeto».

Estatuaren estrategiaren aurrean, ezker abertzalearen asmoa lehendabizi presoen gaia lotzea izan daitekeela uste du, aurreko zikloaren ondorioak gainditzea, eta gero ziklo berriari indar osoz ekitea. Baina, ez du uste halakorik gerta daitekeenik, Estatuak, kartzeletako giltza duenak, ez duelako hori nahi, eta nahiago duelako bi auziak elkarrekin joatea.

Zer egin orduan? Bere ustez, aukera bat izan daiteke une jakin batean, egoera zein azkar aldatzen ari den ikusita, subiranotasunaren gaian akordio bat hitzartzea, eta, aldiz, Estatuko ordezkariek beste gaiari heltzea. «Guk askatuko dugu burujabetzaren makina eta etorriko zaizkigu besteak presoen gaiarekin, baina beraiek etor daitezela». Hori izango litzateke «aldebakartasunak ematen duen aterabide bat», baina, gaineratu duenez, «horrek ere kostu bat badauka, jendea kartzelan dagoelako, sufrimendua dagoelako». Korapiloa askatzea «zaila» dela onartzen du, eta, berriz ere, Estatua presoen gaia «ahal bezain beste atzeratzen saiatuko dela» iragartzen du. Adibide gisa, Iosu Uribetxebarriarekin egindakoa aipatzen du.

Adostasunak eta oportunismoa

Zubiagaren ustetan, herri honetan ezinbestekoa da «adostasun berri bat» lotzea, eta aurreikusten du adostasun berri horretan orain arte «sistematik at» egon den esparru sozial eta politiko zabala barneratzen bada, «sistemaren desplazamendu bat» gertatuko dela. Ezkerrerantz. «Azken finean -gaineratu du- kanpoan egon direnak planteamendu progresistenak dituztenak dira. Adibidez, zerga-politika ezin da orain artekoa bezalakoa izan; politika industriala, politika soziala, ezin dira orain artekoak bezalakoak izan». Eta, gainera, akordio horretan sindikatuak eta gizarte eragileak ere sartu behar direla irizten dio. «Euskal eredu horretan sakontzea tokatzen zaigu, ikuspegi progresista, ezkertiar batetik sakontzea, abagunea aprobetxatuta. Arlo sozioekonomiko horretan akordioa lortzeak izugarrizko garrantzia dauka», nabarmendu du.

Bestetik, krisiak independentzia-zaletasuna areagotu duela-eta, bi gaiak gehiegi lotzea arriskutsua ez ote den galdetu diogu, egoera ekonomikoa hobetuz gero, kontrako eragina izan lezakeelako. Zubiagak, aldiz, uste du uneak aprobetxatu behar direla, «lorpen politikoetan atzera egitea oso zaila» delako. «Politikan oportunismo puntu bat izatea garrantzitsua da, une bakoitzean dauden baliabideak aprobetxatu behar dira», erantzun du. Eta Kataluniak bizi duen egoera ekarri du gogora: «Une honetan daukan egoera Espainiarengandik akordio politiko berri bat edo sezesioa lortzeko aprobetxatzen badu, gero gerokoak...».

Mehatxuak eta Europa

Hain zuzen, Katalunian azken asteotan piztu den independentzia nahia dela-eta, Estatu espainoletik heldu diren mehatxuak ere hizpide ditugu. Europatik kanpo geratuko direla, ekonomikoki kaltegarria izango dela... Bere ustez, «mehatxu horiek ez dira sinesgarriak». «Nazioartean badago urrezko lege bat, batez ere Europan; lehenbizi statu quo-aren alde, baina beti pragmatismoz. Hasteko, hobe da dagoena ez ukitzea, baina prozesu bat hasten bada, eta Kataluniak, adibidez, erreferendum bat egiten badu, erabakitakoa modu pragmatikoan hartuko dute», iragarri du. Gainera, aipatzen duen bezala, «ikuspegi juridikotik oso zaila da Europako herritarrak direnak, euren borondatez beste egitura politiko batean txertatzea erabaki dutelako, Europatik kanpo uztea». «Zuzenean dira Europako herritarrak, ez dira Europako herritarrak Espainiako herritarrak direlako». Alde horretatik, beraz, ez dago mehatxurako tarte handirik.

Bestetik, ikusi beharko da nolakoa izango den Europa hemendik urte batzuetara. Izan ere, «Alemaniak markatzen duen bidea federalizazioaren aldekoa da erabat, baina unitate federalak ez dira izango estatu-nazioak, baizik eta, eraginkortasunari helduta, erkidego naturalekin lotuago egongo dira». «Arazo gutxien ematen duten egiturek osatuko dute, eta eraginkorrenak direnak ikuspegi sozioekonomikoaren eta garapenaren ikuspegitik. Eta gai hori oso landuta dago. Eraginkorrenak ia-ia kluster bezala lan egin dezaketen herrialdeak dira, eta Euskal Herria neurri batean kluster arteko sare txiki bat da. Horretan, Europa oso pragmatikoa da», nabarmendu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo