Idurre Eskisabel, 2012/10/4, Berria
Konplexua
Jendaurreko agerraldiak euskaraz egitea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, hasierako egun on eta amaierako eskerrik asko-ak gorabehera, agintari eta politikari gehienek gazteleraz edo frantsesez egitea erabakia duten bezala. Ez, izan gaitezen justuak: Gipuzkoako Diputazioak euskaraz moldatzen ez diren kazetarientzat aldi bereko itzulpen zerbitzua jarriko du, beren lana egiteko arazorik izan ez dezaten; gaztelera lehenetsi dutenei inoiz burutik pasa ez zaiena. (...)
Berehala etorri zaio egurra Aldundiari: naziak, faxistak, talibanak esan diete PP eta UPDkoek, nazionalista inposatzaileak PSEk; sorpresarik ez. Urkulluk ere inposizioa aipatu du, eta penatzeaz gain, harridura amiñi bat, baina, tira, ohituta gaude epelera. Benetan zur eta lur utzi nauena jeltzaleen sektore euskaltzaleenaren gaitzespena izan da: inposizio hitza bandera hartuta haiek ere, euskararen etsai amorratuenen argudioa hauspotzen. Pentsatu nahi dut mendeetako bortxa sinbolikoaren ondorioz irentsarazi diguten gutxitasun konplexuaren eta otzantasunaren ondorio dela, osterantzean, hauteskundeetan boto batzuk irabazteko euskaraz baliatzen ari direla pentsatu beharko nuke-eta.