Fakun Aznarez eta Ane Labiano, Askapenako eta Komite Internazionalistetako militanteak
Venezuela U7
Chavezek lortu duena hamarkadetan zehar sortu zen mugimenduen borroka iraultza bolivarianoaren baitan biltzea da, eta indar horrek ematen duen boterearekin 13 urte darama sistemari buelta emateko lanean murgilduta
Datozen egunetan Venezuelak bere etorkizuna erabakiko du. Gaur bi eredu oso ezberdin aurrez aurre jarriko dira presidentea hautatzeko hauteskundeetan, eta hauen emaitzek neurri handi batean azalduko dute iraultza bolibartarrak, maila kontinentalean, aurrera jarraitzeko eta fruituak emateko ahalmena mantentzen duenentz.
Venezuelako errealitatea ezagutuz gero, aukera erraza da. Alde batetik Hugo Chavez daukagu, aldaketa ekarri zuen presidentea, arazo handiekin eredu zaharra alde batera utzi eta sozialismoa eta herri boterearen Venezuela honen oinarriak finkatu dituena. Eta beste aldean oposizioren hautagai bakarra, Henrique Capriles, zalantzarik gabe, eredu zaharraren adostasuneko ordezkaria, sistema zaharkitu eta aski ezagunarena, Estatu Batuen morroi zen Venezuelarena, beti ahaztuak ziren txiroena, aitorpen eta eskubiderik gabeko jatorrizko herriena, kapitalismo basatiarena, herri xumea analfa- betismora kondenatzen zuena... Herria nekatu zuen eredua.
Euskal Herriko internazionalismotik hausnarketa hau egitea erraza egiten zaigu; izan ere, munduaren zati horrekin hamarkadetan zehar partekatu ditugu borrokak, eta dugun harremana zuzena da, ideologikoa, samurra. Horrexegatik, ezinezkoa da gaur egun komunikabideek bere pozoiekin guri ziria sartzea, boterearen, betiko boterearen morroi diren komunikabide horiek, Chavez diktadore gisa aurkezten duten eta Capriles Venezuela «demokratizatzeko» itxaropen bakarra dela esaten duten hedabide horiek, izenak aldatuta ere ez gaituzte engainatuko.
Hala izan beharko ez balu ere, internazionalismoan orain dela asko konturatu ginen gure lanaren zati handi bat informatzea izan behar dela, borroken egia jakinaraztea, gure borrokarekin egiten duten bezala, ezarritako sistema erortzen saiatzen den edozein borroka ere gezurren bidez baliogabetzen saiatuko zirela bagenekielako.
Horregatik idazten dugu hau, horregatik saiatuko gara lerro hauetara errealitate pixka bat ekartzen, eta kontatuko dugu zer den eta zer izan den Venezuelako herria. Venezuela petrolioan aberatsa zen, petrolio honen etekinarekin, eta honen ekoizpenaren eta Estatuaren funtzionamenduaren kontrolarekin bere poltsikoak bete eta abiadura handiz aberasten zen oligarkia bat zuen.
Hego Amerikako puska bat zen heinean, herri langileak eskubiderik, osasunik edo hezkuntza onik eduki gabe sistema sostengatzen zuen bere eskulanaz. Dena salgai zegoeneko baina ia inork erosi ezin zueneko herrialde bat zen, ehunka mila pertsona urik gabe maiz eta denbora luzez gera zitekeen herrialde bat, urre beltza diru bihurtzen zuen Estatua, Venezuela eta Estatu Batuen erdibidean bizi zen burgesia aberatsaren ondasuna handiagotzen zuen herrialde hori zen joan den mendeko Venezuela.
Zapalkuntza dagoen lekuan neurri handiago edo txikiago batean askapen borroka egongo dela gauza jakina da, eta Venezuelako kasuan, ez du zentzurik pro- zesu hau guztia Chavezen lan esklusiboa dela pentsatzeak; presidenteak lortu du hamarkadetan zehar sortu zen mugimenduen borroka iraultza bolivarianoaren baitan biltzea, eta indar horrek ematen duen boterearekin 13 urte darama sistemari buelta emateko lanean murgilduta, gainera berez korapilatsua den lan honetan inperialismoaren erasoak eta sabotajeak etengabekoak dira.
Zailtasunak handiak izanik ere, antzekotasun gutxi dauzka gaurko Venezuelak duela 13 urte zenarekin. Izan ere, bertako petrolio-ekoizpena herriaren zerbitzura jarri da, zorupeko aberastasuna gaur egun herriari itzultzen zaio, zenbatezinak dira auzoetan sortu diren osasun-zentroak, hamarka mila eskola ezarri dira auzoetan, erabiltzen ez den lurra lurjabe handien eskuetatik berreskuratu eta nekazariei eman zaie, alfabetatze proiektuak ezarri dira herrialde osoan analfabetismoa Venezuelatik ezabatzera iritsiz, funtsezko produktuen banaketa biztanleria osoari bermatu zaio, erabat murriztu dira muturreko pobrezia eta egunero benetako herri boterea lortzeko eta eredu ekonomiko zaharkitua eraldatzeko lan egiten da.
Arlo ekonomikoan lorpenak ikusgarriak izanik, egiazko aldaketarako beharrezkoak diren Komunen erakuntzak suposatzen duen herri parte hartzerako bideen ezarpena ez da garrantzia txikiagokoa. Informazioaren pozoitzeez beteriko urte hauetan, komunitate, herri, auzo edota mugimendu herrikoiek bultzatutako komunikabide alternatiboen sorkuntza izan da gehien landu den apustuetako bat, arlo politiko eta kulturalean garrantzi handia eskuratuz. Urteotan, musika, literatura, antzerkigintza edota zinema bezalako esparruetan bestelako aisialdi alternatibak sortu dira, pentsaerak aldatuz eta gizaki berri baten sor- kuntza sakonduz.
Prozesu honetan azpimarratu beharreko beste esparru bat borroka feminista eta transgeneroa prozesu iraultzailearen baitan hartzea izan da. Sektore hauek ikusezintasunetik esparru publikoan ekimena edukitzera pasa dira, haien borroka kritiko eta ekintzaile egonkorrari esker. Asko dago egiteko, baina jadanik ez dago hau geldiaraziko duenik.
Benetan zaila egiten da Venezuelako herriak bere boz, borroka eta lanaz bultzaturiko aldaketa guztiak zerrendatzea. Ha- sitako bide honetan fruitu asko jaso dira, eta ataka zein traba asko daude gainditzeko, Venezuelako herriak bizi duen eraldatze sozial eta politikoa sendotzeko bidean.
Gaurko hauteskundeak heldu direnean, herri horrek berriz ere bi ereduren artean erabaki behar du, Venezuelarako, baina baita Latinoamerika eta Karibe osorako bi ereduak diren horietan. Venezuela Albaren abangoardia da, pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzen den Alba horren muturra, beste herrietatik hurbiletik jarraitzen dugun eredu horren burua, eta hemengo internazionalistok gaur Venezuelak benetako herri boterea lortzeko eta kapitalismoa apurtzeko beste bultzada bat ematea espero dugu.