GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ESKALADa Dolua euskal mendizaleen artean

Mikel Ziarrusta zendu da

Bihotzekoak jota hil da 27 urteko gasteiztarra. Goi mailako espezialista zen.

p046_f01_97x116.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Atzo jakin genuen zorigaiztoko berriak lur jota utzi du Euskal Herriko kirol eskaladako kolektiboa. «Mikel Ziarrusta bihotzekoak jota hil da». Horixe zioen albisteak. Bihotz oneko eskalatzailearen taupadek behin betiko etena izan dute. Etxean zendu zen, beti bezala zaratarik atera gabe. Halakoxea zen 27 urteko gasteiztarra. Goi mailako euskal espezialista zen, baina, hala ere, Zirriasek bai kirol eskaladan bai lehietan sinatu duen ibilbide oparoak oso modu soilean eta oihartzun mediatiko ikaragarririk gabe bidaiatu du.

Gasteizko harrobi bereziaren protagonista izan dugu Ziarrusta. Emeki-emeki, presarik gabe, urratsak egiten joan da beti. Ia-ia isiltasunean, baina goi mailako kateatzeak lortuz; muturreko zailtasunean erabat zuhur baina agerraldi sendo batekin azaldu zitzaigun. Eta bere izarea umila eta goxoa ere lehiaketetan aldarrikatu izan du. Indartsu eta burua behar den lekuan izanda, txapelak irabazi ditu zailtasunean zein blokean. Ziarrustak agur esan dio eskaladari, beste behin zaratarik egin gabe.

Gazte hasi zen eskaladan. Bospasei urte zituela bere aitak mendira eraman zuen lehen aldiz. Bere aitaren eskutik ere rokodromoa ezagutu zuen. 1o urte besterik ez zituen. Bi urtera, Zutikan Gasteizko Teknifikazio Zentroan sartu zen. Gorka Hernaezen gidaritzapean gogor entrenatu zen. Andoni Perez, Iñigo Arnaiz, Ibai Urdiroz, Iban Larrion... izan zituen kide. Azken horrek 19 urte arte entrenatu zuen hil berri den eskalatzailea.

Jakina, gasteiztarra izanik, «Tenplo»-an jo eta su jardun zuen; hots, Arabako hiriburuko rokodromo famatuan. Egitura artifizialetik salto egin zuen, eta Ziarrustak lehen irteerak Larraonara bloke egitera eta Apellanizera sokarekin eskalatzera egin zituen. Argi asko zegoen Ziarrustak gaitasun bereziak zituela eskaladarako. 7b graduko lehen bidea 16 urterekin egin zuen Baltzolan. Eta urte berean 8a sinatzera iritsi zen: «La chunga del txi» (Apellaniz). Jarraian, urte fanatikoak ezagutu zituen. Etengabe eskalatzen zuen, 8a asko eginez eta batez ere Kataluniara bidaiatuz. 17 urte bete orduko, «Superchunga» (8b, Apellaniz) lortu zuen, eta hurrengo urtean, 18rekin, «Baltzolita» (8b+, Baltzola) heldu zen.

Hatz batean izaniko lesioa zela-eta, pare bat urte ia geldirik egon zen. Suhiltzaile lanpostua lortu, hatzaren minak gainditu eta berriro topera ikusi genuen. Ia ohartu gabe, maila berreskuratu zuen, eta 23 urterekin Ander Gardeazabalekin hasi zen entrenatzen. Entrenamendu planifikatua, Ziarrustari gustatzen zitzaion bezala. Bazuen horretarako xede bat: «Honky Mix» (8c+, Araotz). 8c batzuk-batzuk kateatu ondoren, 8c+ zailtasuneko marrak erori ziren: «Honky Mix», «Na-nai» (Baltzola)... Eta ondoren 8c+/9a gradukoak: «Tas-tas» (Baltzola), «Celedon txiki» (Ilarduia)...

Ohiko progresioa izan zuen gasteiztarrak. Bederatzigarren esfera zain zuen. Jakin bazekien pazientzia izanda eta lan egokia eginda iritsiko zela. Eta iritsi zen, nahiz eta pare bat urte itxaron behar izan. «Il domani» (9a, Baltzola) eta «Psicoterapia» (Valdegobia/Gaubea) probatzen hasi zen, baina zailtasun bereko beste baten alde egitea erabaki zuen. Iaz, Aizpunen agertzen hasi zen, «Sistematik ihes» (9a) buruan zuelako. Bazekien bide hori bere estilorako oso aproposa zela: «Eroria duten marrak gustuko ditut; ia oinak erabili gabe, tximuarena eginez, pauso dinamikoak... Finean, bide fisikoak. Alabaina, uste dut beste estilo batzuk indartu eta hobetu behar ditudala. Hor dago, giltza».

Lehiakide fina

Iazko irailaren 18an «Sistematik ihes» patrikan sartu zuen. Beti bezala umil: «Asko gozatu nuen bide hori eskalatzen, baina, gogor entrenatu behar izan nuen. Niretzat bederatzigarren dimentsioan sartzea mito bat besterik ez da. Marra hau nire ibilbidean eginiko beste bide bat izan da. Muga bat apurtu nuen».

Horiexek dira orokorrean Ziarrustak kirol eskaladan sinatutako orririk esanguratsuenak. Bere bizitza osoa kirol eskaladari eskaini dio, baina, haatik, paretetara salto egin duenean erakutsi du ondo baino hobeto moldatzen dela. Joan den udan, adibidez, zailtasunean klasiko bihurtu den «El Pilar del Cantabrico» (8a+, 500 m, Picu Urriellu) kateatu zuen.

Hori guztia gutxi izango balitz, Ziarrusta goi mailako lehiakidea izan da. Amorratua ere bai. Oso gazterik hasi zen lehiatzen, eta plafoian emandako ordu pilak emaitza bikaina eman zuten. Sari garrantzaitsuena 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan sinatutako urrea izan zen. FEDMErekin nazioarteko lehietan izan da, eta EMFren euskal selekzioaren ordezkaria ere izan da. Espainiako Kopa zein Txapelketa ezberdinetako finaletan ikusi dugu, baina podiumean ez. Bai, ordea, Euskal Herriko hitzordu nagusietan.

2010. urtean, esate baterako, Euskadiko Eskalada Txapelketan irabazle atera zen. 2011 urtea, berriz, ia borobila izan zuen. Euskadiko Txapelketan bigarren sailkatu zen, baina Euskadiko Bulder Txapelketan txapela jantzi zuen. Eta blokea aipatu dugunez, espezialista ez izan arren, 8b egitera heldu zen arrokan: «Hay que masticar antes de tragar» (Baltzola).

Ziarrusta gazte joan zaigu. Etorkizun oparoa zuen, eta bat-batean eten egin da. Gero arte, Zirrias!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo