GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Akelarrea, osasunez

Lau, hiru, bi, bat... zero! Pum! Tiroa egin du gorantza epaileak, eta segituan damutu, abialekura begira, eta inguru osoan inor ez dagoela konturatu bezain pronto, baita damutu ere. Tira, egia esateko, uso baten lumak ari ziren jausten une horretan, ezti-eztian. Orduantxe jakin du epaileak kanpaina baten hasiera ez datorrela bat egutegi ofizialarekin. Horretan ere ofiziala buruz behera doa, zilegitasuna lehendik zeukan galduta, eta orain legalitatea bera ere galtzear. Ofizialaz nago, ez publikoaz. Holakoxea da politikaren kirola! Eta kirolean bezala potitikan ere... anabolizatzaileak. Gernua lekuko. Batzuek altueran ematen dute denbora kanpainaurrea baino lehen, globulu zuri-gorriena bideratze aldera, hodeien gainetik eman ere, gero kanpainan sartuta oinak lurrean ari direla esan ahal izateko. Tira, harira! Ama, ama! Zenbat gauza ez ote diren aldatu kanpaina moldetan atzotik hona! Lehengo oholtzarik apenas gaur, orain dena da diseinuzko eszenatokia, ortzadarrean ez diren koloreak ere hantxe; atrezzo edo. Jada ez da atrilik, ez paperik ere, belarrira heltzen zaizkie hitzak, xuxurrean, ordenan heldu ere, badaezpada; pinganilloz edo, justizia murrizten duten epailei sarri heldu bezala. Eta eskuak? Eszenatokiaren goialdetik mugiarazten zaizkie, erritmo jakin batez, horretarako txotxongilotan aditua propio kontratatuta. Hortaz, klima aldaketari buruzko ikerketan modeloek simulatutako biharko eszenatokiak sinpleagoak dira gaurko horiek baino. Zin dagit.

Total, hitz-jarioak gero eta emaritsuagoak, hitzolde izateko bidean. Krisia, burujabetza... eta askok farmaziakoak ez diren pastillak aldean, badaezpada, ondoko gernu-ontziari kezkaz begira. Haustura ekarriko bide du burujabetasunak gurera, diote izerdia dariela, orain arteko burugabekeriak zer ekarria duen esatera heldu gabe. Bai zera!, haustura, benetakoa frackingak dakar, lur azpian bezala lur gainean ere. Eta gainera hidraulikoa! Hain daude batzuk astoratuta non beheko Estatuaren Konferentzia Epitablaskopalekoak ere atera diren eszenara, bakarra, handia eta librea duten horren defentsan; Jainkoaren izenean atera omen. Amen! Espero dezagun hurrengo legegintzaldiko eztabaida nagusia ez izatea lege zaharren ingurukoa, Jaungoikoagatik! Akelarre independentistarena izatea espero! Osasunagatik!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo