GARA > Idatzia > Kultura

literatura I ipuinak

Film laburren saioa

p054_f03_60x84.jpg

Iker ZALDUA I

Hala ere, badira liburu osoan, ipuin guztietan, errepikatzen diren ezaugarriak. Horien artean, gertutasuna azpimarratuko nuke. Istorio guztiak gure herriko plazetan gertatzen dira eta guztiak dira ohikoak gurean. Ziur naiz, irakurle gehienek sentituko dutela horietako, gutxienez, batekiko atxikimendua. Istorio arruntak dira denak, kolpe berezirik gabeak, linealak, gure espazio eta denbora betetzen dutenak, baina inoiz gutxitan azaleratzen direnak.

Heriotza du mintzagai lehenengoak. Guztiok dugu harreman pertsonal berezia heriotzarekin, baina gure kolkorako uzten dugu harremana. «Argazkia» izenekoan harreman horietako bat agertzen da, biluzik. Bigarrengoan bikote harreman eraiki gabea kontatzen digu, Benitoren «Primaderako liliak» etorri zait burura. Laurogeitaka urteko bikotea olatuek bultzatuta bezala azken portura iritsia. Ipuin mina izateko behar zuen osagaia ere erantsi dio idazleak, alzheimerra. Hirugarren ipuina eskasena iruditu zait, arruntegia akaso. Gurasoek alabaren garapen-prozesuan duten parte-hartze subjektiboa dago atzean, haren futbol zaletasuna da abiapuntua. Partida geza iruditu zait niri, husna amaitzen den horietakoa, aukerarik gabe. «Matematika» izena du laugarrengoak, bikote gaztea bigarren ipuinean aipatzen den bikotea sartuta dagoen itsaso berean igerian. Ipuinean bertan erabiltzen duen irudia ekarriz, atzerako ispiluan behatu eta etorkizuna ikusten dute, hau da, bikote adindua portura hurreratzen, isilik, elkarren ondoan. Kasu honetan, ordea, zurrunbilora iritsi aurretik itotzen dira. Presoei eta haien senideei omenalditxoa, hurrengoan. Berriz ere, istorio arrunta baina tabu bihurtua. Oso istorio lineala, amaierarik gabea. Beste errealitate ezkutu bat; bisitaldiak, bisitaldietako kilometro isilak eta bisitaldietako asperdura gogaikarria arintzeko ahalegin errepikakorrak. Seigarrengoan, ospitaleko egonaldia. Bertako pasabideetan izaten diren burutazio ikusezinak begitanduko ditugu. Alabaren gaitzak nola izena duen eta nondik etorri den asmatu nahirik sendagileak. Ama aldamenean du, gaitzaren iturburu bihurtua nahi gabe. Azken bi ipuinetan sekretuak dira protagonista. Guztiok ditugu gure sekretuak, gure alde ilunak, egunerokotasunarekin argitzen saiatzen garenak. Ipuinari izena ematen dion ipuinean, iragan garaiko kontuak azaleratzen dira. Urteetan mugitu gabeko harri bat altxatu eta inurriak nola halaxe hedatzen da iragana orainean. Harria bere lekuan paratu arren, sekretua bere habiatik atera da. «Gerizpeko panpinak» izena du azken istorioak, bizitzaren bideak saihesbideak ditu eta guztiok izan dugu inoiz horietakoren bat hartzeko tentazioa, guztiok zeharkatu dugu marra inoiz, gehienok bidera itzuli gara, baina saihesbide hartan ikusitakoa gure imaginariumean dago, tabu bihurtua badago ere.

Abiadura bizian irakurtzen da liburua, deskribapenetan ez da nahasten, erraz egiten du aurrera irakurleak, erritmo bizian. Film labur bakoitzaren kredituetan ikusitakoa irensten saiatzen denari gertatzen zaiona gertatzen zaio irakurleari. Gogoetan murgildu aurretik hasten da hurrengo istorioa, eta begiak horretan iltzatzen ditu berehala.

Estiloan ez da itzulinguru handirik hautematen, zuzena da. Gordin kontatzen du gordin ikusten duena. Solasaldietarako gaien zerrendan barneratzen ez direnak agerraraztea da asmoa, arrunta dena arrunki azaltzea, itzulingururik gabe, zuzen. Deseroso egiten zaizkigunak, hain zuzen, gu geu garelako horien protagonista, arestian esan bezala, gure herriko plazetan gertatzen baitira, nahiz eta guk begiratu nahi ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo