Top 14
Derbiak marraztutako bidetik
Biarritzek errealitatearekin eta Toulon indartsuarekin topo egin zuen eta Avironek ez zuen hutsik egin Agenen aurkako partidan.
Jon ORMAZABAL I
Sarri esan ohi da derbiak partida bereziak direla eta denboraldi bat, onerako eta txarrerako baldintzatu dezaketela. Iragan astean Biarritzek eta Avironek jokatutakoak itxura hori dauka; izan ere, atzo ikusitakoaren arabera bederen, zuri-gorriak krisian sartu direla esan daitekeen bitartean, baionarrak gora begira hasi dira, Agileran lortutako garaipenari atzo jarraipena eman baitzioten, aurkari zuzen baten aurka gainera.
Denboraldia bikain hasi bazuen ere, errealitatearekin kolpe gero eta gogorragoak hartu ditu Biarritzek azken lau asteetan, lau porrot, zein baino zein mingarriagoak jaso ostean. Aurreko asteko derbia galtzea kolpe handia izan zen eta atzo Toulonen aurka jasotakoa ez zen txikiagoa izan, kanpotarrek oso erraz irabazi baitzuten Agileran, lidergoa berreskuratzeko baliagarri izan zitzaien erasoko bonusa jasota gainera.
Berquisten zigor kolpe bati eta drop bati esker lehen hogei minutuetan markagailuan aurretik joan baziren ere, Toulon askoz hobeto aritu zen zelaiko eremu guztietan eta merezimendu osoz lortu zuen garaipena. Denboraldiko lehen lau partidetan garaipenak eskuratu ostean, bazen Biarritzen zaleen artean iraganeko arrakastak errepikatzea amesten zuenik, baina talde indartsuenetako baten aurkako atzoko partidak argi utzi zuen asko dutela hobetzeko biarriztarrek sailkapeneko gorengo postuetan egoteko.
Baionan, ordea, kontrako bidea daramate. Larri ekin zioten sasoiari, baina poliki-poliki euren jokoak gora egin du eta arnasa hartzeko moduan daude, lo hartzeko betarik ez duten arren.
Baionarren hobekuntzak, gainera, baditu izen-abizenak, Benjamin Boyet, alegia. Berak eman zion garaipena Agileran azken minutuan eta atzo ere erabakigarria izan zen bere jokoa. Zigor kolpeetan bikain aritu zen, saiatutako bederatzietan asmatu zuen eta diziplina gutxi izan zuen Agenen borreroa izan zen atzokoan.